GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi | Kazetaria

Rosenberg eredua Snowdenentzat-eta

Arma nuklearrak egin ahal izateko lehia beste maila bateraino joanda dagoen garai hauetan, ordea, bada Gerra Hotzaren hastapenetako gertaera haien antza duen zerbait: informazioaren «arma» kontrolatzeko lehia

Isiltasunak berezkoa duen oihartzun ikaragarri horrekin igaro zen, gaur zortzi, Julius eta Ethel Rosenberg senar-emazteen exekuzioaren 60. urteurrena. 1953eko ekainaren 19ko arratsean eserarazi zituzten biak Sing Singeko aulki elektrikoan. Lekukoek gerora kontatuko zutenez, Julius lehen deskargarekin hil zen, baina Ethel ez, eta beste hainbat eman zizkioten; azkenean burutik kea zeriola omen zegoen. Hala amaitu zen haien bizitza, baina ez historiarako geratu den «Rosenberg kasua», ondorengo berrogeita piko urteetan bederen zeresana ematen jarraituko zuena. Deigarria da hainbesteko zalaparta eta asaldura sorrarazi zuena nola isildu den.

Bere garaian auziaren inguruan mundu mailan gertatu zen banaketa ikusgarria lausotu eta ikerketa neurritsuagoak egin ahala, argituz joan da drama haren gibelean zetzan komeriaren parte handi bat. Julius Rosenberg nola edo hala sobietar espioitza sare baten kidea zela ziurtzat jotzen dute egun gehienek; bere emaztearen inplikazioaz zalantza handiak dituzte, ordea. Edonola ere, bigarren edo hirugarren mailako mezulariak baino ez zirela deritzote jakitunenek; agian, beren zigorra samurtzearen truke haien aurkako testigantza eman zuten auzipetuetako batzuek baino askoz erantzukizun gutxiagokoak. Bidenabar, ezinbestekoa da galdetzea zergatik amaitu zuten rosenbergtarrek Sing Singeko aulkian.

Ni baino askoz zuhurragoak direnei ere otu zaienez, eskarmentua eman eta iritzi publikoa ase (?) beharra izan zen arrazoi nagusia: II. Mundu Gerra potentzia nuklear bakar legez amaitu zuten Estatu Batuak benetan izutu zituen lau urte geroago Sobietar Batasunak leherrarazi zuen bere lehen bonba atomikoak. Handik aurrerako norgehiagoka nuklearraren ifrentzua izanen zen J. McCarthyren sorgin-ehiza eta espioitza sareen bilaketa. Eta hor nonbait legoke Rosenberg senar-emazteen patuaren esplikazioa: jainkoei sua ebatsi zien Prometeoren mitoa ahaztuegi zegoelako- edo, neurririk gabeko zigor baten komenentzia hobetsi zuen AEBko stablishmentak. Gerora, ugaltze nuklearrak jarraitu duen bide sigi-sagatsua ikusi besterik ez dago desmasia haren zinismoa kausitzeko.

Arma nuklearrak egin ahal izateko lehia beste maila bateraino joanda dagoen garai hauetan, ordea, bada Gerra Hotzaren hastapenetako gertaera haien antza duen zerbait: informazioaren «arma» kontrolatzeko lehia. Manhattan Proiektua martxa ipini zenetik, bertan ari zirenetako hainbati gertatu zitzaien legez, egungo informazio fluxuak kontrolatu nahi dituzten Anaia Nagusientzat lan egiten duten jopuetako batzuek matxinatzeko desioa sentitzen bide dute. Manning soldadua izango zen lehenetakoa, Wikileaks-eko J. Assangeren bila hasi zenean. Garai bertsuan ihes egin zuen H. Falcianik Genevako HSBCren informazioarekin. NSAren isilpekoetako batzuk argitaratu dituen E. Snowden azpikontratatua izan da oraingoz azkena.

Horietako bakoitzaren aurkako pertsekuzioak badu «Rosenberg kasuarekiko» kidetasun ukaezina. Jainkoei sua ebasten dienak larrutik ordainduko du. Jopuentzako mezua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo