Danbor doinuez hasi dira Zarauzko sanpelaioak, hiru gau eta egunez adin guztietakoek gozatzeko
GARA | ZARAUTZ
Eguerdiko txupinazoarekin batera bere festarik herrikoienetan sartu zen atzo Zarautz. Adin guztietako jendeak gozatzen du sanpelaioetan hiru gau eta egunez, denentzako ekintzak egoten baitira. Juan Luis Illarramendi alkateak agurrean esan bezala, bakoitzak bere jaia bizi du eta edonork nahi duen hartarako aukera izan dezan saiatu dira. «Baina bada zerbait, adin, auzo eta generotik aparte, herritar guztiak batzen dituena: jaietan eta jaiez gozatzeko gogoa, herrikideekin gure onena partekatzekoa».
Borondatez diharduten elkarte eta lagunei eskerrak eman dizkie Illarramendik, «horiek gabe ezinezkoak liratekeelako» festa hauek.
Esan bezala, eguerdiko txupinazoaren ekin zioten zarauztarrek parrandari. Udaletxeko balkoian, jendez, kolorez eta irriz betetako plazaren aurrean, alkateak Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari makila eman zion. Arratsaldean, umeen danborrada egin zuten eta gauean, helduena. Tartean, txosnak ireki zituzten Munoan, TransPelaioren igoerarekin, gazteen ilusioz. 23.30ean txosnak itxi eta denak udaletxera, danborradara. Geltoki parketik hasi eta Foruen kaletik barna Lege Zaharren enparantzara. Bertan, danborradako ordezkariek San Pelaio makila eman behar zioten Santiago Negueruelari eta bandera igo behar zuten. Txupinazioa eta traka jaurti zituzten sanpelaioen ereserkia abestu bitartean.
Paella lehiaketa
Berandu, edo goizean goiz, erretiratuko ziren asko, eta gaur ezin maindirepean denbora luzez egon. Ezta nahi ere. San Pelaio egunean indarrak hartzeko, eguerdian eta arratsaldean Iñurritza jai batzordeak ardoa eta gazta eskainiko ditu musu truk bere lokalean. Txosnetan, paella lehiaketa egingo dute Arraiok girotuta, eta bazkalondoren musika plazan elkartuko dira kuadrillak brusak soinean. Baltsa lasterketa ere egingo dute portutik Munoara. Bihar, besteak beste, mutil ezkongabeak oilasko biltzen ibiliko dira baserrietan eta bertso jaialdia izango da. Ostiralean, herri kirolak, erromeria... aspertzeko modurik ez!