GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Nerabe izateari utziko dio EHZ jaialdiak lekornen

Bost urtez Heletari bere musika eta giro ederra eskaini ostean, Lekornen ospatuko da ostiraletik igandera bitartean EHZ festibala. Aurten, hemezortzigarren edizioa beteko du jada Euskal Herriko zaharrena eta desberdinena bilakatu den jaialdiak. Auzolana da protagonistetako bat, baina, noski, musika eskaintza koloretsua ere ez da faltako.

p004_f02.jpg

Jon GARMENDIA

Lapurdi ekialdeko herri ttipia da Lekorne, Nafarroa Beherearekin egiten du muga eta Urtsumendiren magalean kokaturik dago. Han, nagusiki gorri-zuriak diren etxeen artetik, Garroko jauregia nabarmentzen da; XII. mendeko gaztelu zaharra 1995. urtean eskuratu zuen Lekorneko herriak libera sinboliko baten truke, eta geroztik biziberritzeko planarekin aitzina darraite bertan. Laborantza ekologikoaren ikastoki da usaian, baina egunotan Euskal Herria Zuzenean festibalari egin dio harrera gazteluak, eta gelak festaren koordinatzeko egokituak daude. Bertan aurkitu genuen lanean jaialdiko programazio arduraduna den Antton Lannes, eta hark azaldu zigun festibala Heletatik Lekornera eramatearen arrazoia: «Aldaketa beharrezkoa zen, dinamika berri baten hasteko zerbait berria behar genuen. Alde horretatik, gune aldaketak freskura ekarri digu barne mailan; laguntzaileen artean belaunaldi berriak lotu dira festara adibidez. Heletako urteak politak izan dira, baina aldi berean zailak, ez baita hain erraz antolatzen ahal gurea bezalako festa bat herri baten barnean, teknikoki zailtasunak genituen, ekonomikoki ere, eta arraberritzeko beharra ikusi genuen hastapeneko mamia eta helburuak atxikiz».

Azken bost urteotan Heletan izan da festibala, Nafarroa Behereko lurretan, baina ez Lekornetik sobera urrun, justuki, herri hau mugakide baitu ekialdetik. Bost gune izanen ditu EHZk, denen zaindari Garro jauregiaren albokoa: Garrobi. Bertan, antzara jokoa eta bertso poteoa bezalako ikuskizunak izango dira, serigrafia tailerrak egingo dira eta mitologia ipuinak ere kontatuko dira. Aurtengo berritasunen artean dago Haurren Xokoa, eta, Lannesen aburuz, «behar genuen eskaintza hobetu, haurrentzat ikusgarriak antolatuz eta beraientzat bereziki prestatu den xokoa atonduz Garrobi gunean. Haurren irrien plazer eta atseginen gunea ere izanen da». Musika kontzertu nagusiak Garroa gunean izanen dira; han Fermin Muguruza eta Kontrakantxaren «No More Tour» birako emanaldiak ikusmina sortu du, urte anitzez izan baita Fermin EHZn eta seguruenik hau izango baitu azken kontzertua bertan. Archive, Keny Arkana, Jimmy Cliff, Les Ogres de Barback, Etienne de Crecy edo Elisa do Brasil izen handiko musika taldeak ere handik pasako dira hiru egunetan zehar.

Basoita guneak ere zuzeneko musika emanaldiak bilduko ditu, eta, agertoki ttipiagoa izanagatik, hangoak ez dira publikoa fitsik sentitu gabe utziko duten proposamenak izanen. Arrakastaren uhinean igo den Willis Drummond taldearen, Capsula argentinarren edota Zuloak, Iheskide, Belako eta Anestesiaren kontzertuak kitzikagarri agertzen dira, gainera, «Zarauzko taldea ikusteko azken aukeretako bat EHZ izanen dela ohartarazi nahi dugu», aurreratu digu Antton Lannesek. Ezin ahantzi, era berean, EHZk beti eskaintzen dituela publiko zabalarentzat ezezagunak izanagatik beti ezusteko polit bilakatzen diren taldeen emanaldiak. Bidenabar, Basoita gunean iraganen da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eskutik zikiro jana igandean. Bistan da janariak garrantzia hartzen duela festibalaren baitan; honela, zerbitzatuko diren ekoizpen guztiak manera biologikoan eginak eta inguruko etxaldeetatik helduko dira, hala nola baratzekiak, txerrikia, behikia, gasnak eta esnekiak. Gerezieta gunean ikuskizun bereziak eskainiko dira, Piano Chat, Capoeira edo EHZ Kantuz adibide gisa. Azkenik, Xerrenda gunea dago, eta han aurten indar berezia eman nahi izan zaion auzolanaren tematika landuko da, mintzaldiak eta eztabaidak han batuko direlarik.

Auzolana nahitaezkoa izan du festibalak bere biziraupena segurtatzeko, anitz izan dira belaunaldiz belaunaldi ekarpena boluntario modura egin duten herritarrak, ehunka, eta haien lanari esker arima sendo mantentzen du oraino EHZk. Haietarik gutxi iragaten dira hedabideen ikusmirara, horietako bat da Aritz Bidegain Tartalo. Astebete darama muntaketa lanak egiten ari direnentzat sukaldari lanak egiten. «Bi laguntzaile ditut ondoan, Piero eta Betti, eta bereziki nola ez aipa Sid, Bordeleko laguntzailea, festibala egin zen lehen urtetik hemen dabilena laguntzen», esan digu. Goizetik hasita gaua egin arte jarduten da lanean Aritz. «Lehenbiziko egunetan 30 bat lagunentzat prestatzen nuen gosaria, bazkaria eta afaria, orain 50 edo 60 ditut mahaiaren bueltan, eta bertako produktuekin landutako etxeko sukaldaritza eskaintzen diet nik», xumeki azaldu digu bere jarduna. «Festibal denboran badira beste lantalde batzuk sukaldeaz arduratzeko; nire lana hor amaituko da, eta gozatzeko parada izanen dudala pentsatzen dut. Beti itxaroten dudan hitzordua da, kontzertuak maite ditudalako, baita militantziagatik ere. Gainera, Euskal Herri osoko jendeari luzatu nahi nioke gonbita, festa berezi hau ikusi, gozatu eta kolorez janzteko», esan digu.

Atzokoan auzolan horren emaitzetako bat ere ikusi ahal izan genuen, EHZ Euskal Herri osoko jaialdia den seinale. Izan ere, Donostiako Piratak Lekornen bildu dira egunotan; hogei bat gazte aritu dira muntaketa lanetan esku bat ematen, nahiz eta bertaratzeko aitzakia beste bat izan den. Xehetasunak Mireia Mochales piratetako kideak luzatu zizkigun: «Egun bat daramagu hemen. Laguntzeko asmoz etorri gara. Piraten dokumentala izango dena hemengoei aurkezteko hurbildu ginen, gure auzolanaren esperientzia partekatzeko, eta, bide batez, gure harri koxkorra jarri eta behar den horretan laguntzeko». Argazki ederra bistaratzen zuen Bidasoak bereizten dituen lurretako gazteen elkarlanak atzokoan. Hegoa eta iparra, auzolanaren bidean osatutako herri bakarra. Eta gaztea, bizia.

hitzordu nagusiak

Fermin Muguruzaren ostiraleko kontzertua eta larunbatean Jimmy Cliff abeslari jamaikar ezagunak emango duena ordu horretanhasiko dira. Kontzertu eta ekitaldi anitz prestatu dituzte aurten ere.

«Jende pasiboaren artean auzolana nola eratzen dugun gogoetatu behar da»

Loretxu Bergouignan Makeako alaba da, bera arduratzen da auzolanaren inguruan Xerrenda gunean antolatuko diren mintzaldi, erakustaldi eta eztabaida parte hartzaileak koordinatzeaz. «Urtero gai baten inguruan biltzen da EHZ eta aurten auzolana izanen zela erabaki zuen antolaketa taldeak, beraz, dena auzolanaren inguruan eginen dugu, autoeraketa moduan gure baitatik egiten baita festibala bera, nehoren agindurik segi gabe, gure artean adosturik dena, hasieratik bukaeraraino», azaldu digu. Hari horri tiraka, mintzaldiak prestatzeko tenorean bi ideia nagusi izan dituztela argitu digu: «Kapitalismoaren erdi-erdian bizi gara, denon baitan sartua da indibidualismoa, eta, jende pasiboaren artean, auzolana egiazki nola eratzen dugun gogoetatu behar da. Gogoeta hori eramateko mintzaldi bat antolatzea pentsatu genuen, ikuspuntu internazionalista batetik baina bertakoen eskutik; auzolana kapitalismoaren parez pare jarriz, herritik mundura eginez. Hori da gaia». Segidan, hizlarien zerrenda azaltzera lotu da Loretxu. Miguel Benasayag filosofo eta psikoanalista argentinarrak bideo bidez emango du mintzaldia. «Autoeraketari eta kontrabotereari buruz liburu anitz idatzi ditu, guevarista iraultzailea izan zen, eta Parisen errefuxiatu zen gero. Iraultza armatua praktikatzetik eraketa manerak aldatu eta indartzera pasa zen». Emilio Lopez Adanen ikuspuntu libertarioa ere entzungai izanen dute. `Comunidades sin estado en la montaña vasca' lana idatzi duen Itziar Madinak ere emango du hitzaldi bat. Momentuan gertatzen dena Asisko Urmenetak marrazkiekin irudikatuko du. Azkenik, auzolanen topagunea antolatu dute bigarren ideia bezala, herritarrek herritarrentzat elkarlanean sortutako proiektuak izanik ardatz; sei tailer egingo dituzte. J.G.

28-30

datak

Egutegian gorriz markatu beharrekoak dira ostiraletik igandera arteko egunak. Jaialdiko webgunean txartelak aldez aurretik erosteko edo informazioa lortzeko aukera dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo