GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Marixurrikeren pregoi alai eta koloretsuak emango die hasiera Apatamonasterioko jaiei

GARA | ATXONDO

Marixurrike Aisialdi Taldeak irakurriko duen pregoi alaiak emango die hasiera aurtengo Apatamonasterioko jaiei. Ez da ohiko hasiera izango, gainera. Kolorea eta alaitasuna nagusi izango dira jaien irekieran, baita ondoren egingo den flashmob herrikoian ere.

Pregoia irakurtzeaz gain, Marixurrikek ikuskizuna antolatuko du plazan. Gaur Gay, Lesbiana, Bisexual, Queen eta Transexualen Nazioarteko Eguna dela baliatuta, aldarrikapena burutuko dute zenbait gaztek.

Beste sei aldarrikapen ere izango dira, bakoitza kolore bati lotuta: feminismoa, ingurumena...Bata bestearen ondotik, soka batean eskegi eta mural bat osatuko dute.

Txupinazoa bota eta berehala, flashmob erraldoia osatuko dute plazan. Jakinarazi dutenez, Mandoilek talde arabarraren «Urrutitik kantu» abestiaren doinuak dantzatuko dituzte. Dantza irakasle batek osatu du koreografia, eta, berak jakinarazi duenez, «martxosoa eta ikasteko erraza» da. Askori, gainera, ez zaie berria egingo kantua, pasa den ekainaren 21ean eta 22an entsegu orokorrak egin zirelako plazan bertan.

Adin guztietarako

Jaien irekiera ofiziala gaur izan arren, ekintzak pasa den astetik hasi ziren. Pasa den larunbatean mendi martxa antolatu zen, eta, astelehenean, futbito txapelketari eman zitzaion hasiera, eskolako zelaian. Hiru eguneko partida karrusel luzearen ostean, finala atzo bertan jokatu zen toki berean.

Kirolarekin jarraituz, presoen eskubideen aldeko Herrira plataformak pilota txapelketa antolatu zuen atzo. Elkartasuna eta kirola, berriro ere eskutik.

Gaurko ere egitarau erakargarria prestatu du Jai Batzordeak. Txupinazoa bota eta berehala, tortilla eta bakailao txapelketak ospatuko dira ondo afaltzeko. Gauak martxa paregabea hartuko du gero, kubatarra, Habana 357 taldearen eskutik. Ederki dantzatu eta gero, kantatzeko aukera ere izango da Atxondoko gaztetxean egingo den karaokean.

Biharko egunean kuadrillek bereganatuko dute protagonismoa. Eguerdi aldean paella txapelketa ospatuko da. «Org.amen» clown ikuskizuna izango da gero.

Sabela ondo beteta, energiaz lepo, kuadrillek indarrak neurtuko dituzte euren olinpiada berezietan. Ostean, Luhartz Durangaldeko talde beteranoaren esku erromeria izango da plazan, garaipena (edo porrota) ospatzeko.

Gau partean kontzertuak izango dira Atxondoko gaztetxean. Atxondoko eta Elorrioko musikariek osatzen duten Zakarbila taldea arituko da lehenik. Turbonegroren bertsioak jotzen dituen taldea ere arituko da, baita Sermond's taldea ere. Goizaldean oraindik kalean direnek, gaupaseroen argazki erraldoia aterako dute 06.30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo