Abiadura eta presa gehiegi inora ez joateko
Parisko Gobernuak Mugikortasuna 21 adituen batzordeari abiadura handiko trenaren gainean enkargatu zion txostena ontzat jota, Bordele eta Hendaia arteko trenbide zatia gutxienez 2030era arte atzeratuko da. Dagoeneko ez da lehentasuna. Halaber, Ayraulten Gobernuak begi onez ikusten du egungo azpiegiturak berritzea, aspaldi handian Ipar zein Hego Euskal Herriko zenbait gizarte eragilek proposatu zuten bezala. Bertako bi administrazioek presa handiz ekin zieten abiadura handiaren proiektuei. Ez da zaila proiektu horiek gauzatzeko presa horren atzean batzuen interes ekonomiko eta politikoak sumatzea. Benetan zaila da, ordea, Euskal Herriaren interesak, herritarren premiak asetzeko proiektu bat, aurkitzea, prozedurak berak -proiektuei ekiteko ezarritako abiadura handia, haien gaineko informazioa ezkutatzea edota eztabaida ukatzea- sumarazten zuenez. Eta presaka eta zentzuzko oinarririk gabe egindako proiektuak garesti ordaindu ohi dira: zentzuzko oinarririk ez dutenez, presaka abiatutako proiektuak luxuzko «bidegorriak», ikaragarri garestiak, izango dira, ez Europarekin, ez Madrilekin ez abiadura handiko beste inongo trenbiderekiko loturarik izango ez dutenak. Aurrerabidea, etorkizuna omen zena, Hego Euskal Herriko hiriburuen arteko bidea minutu bakan batzuk lehenago egiteko bi trenbide bakartu -baita bion artean ere- besterik ez da izango.