GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Bestarako irrikaz, egun bat aitzinduko dira Lesakako sanferminak

Maider IANTZI |

8.000 bisitari biltzen dira 2.000 biztanleko herri txiki batean, etengabeko bestan, giro euskaldun, herrikoi eta parte hartzailean. Gehienbat bestek egin dute ezagun Lesaka, bere San Fermin jai bereziek eta Zubigaineko dantzak. Aurten, uztailaren 6a larunbata tokatzen denez, egun bat lehenago hasiko da parranda eta beso zabalik hartuko dute jendea, ohiko zerbitzuekin (kanpatzeko lekua, dutxak eta autobusak).

Txosna batzordeko lagunek herriko bertze eragileekin, ostatuekin eta Udalarekin elkarlanean antolatu duten egitarauaren berri eman dute, programa nagusia osatzen duten herri mugimenduaren proposamenen berri. Ostiral arratsaldean irekiko dituzte txosnak (lau handi eta ttipi bat ogitartekoak banatzeko), eta jarraian urtero indar berezia ematen dioten ekitaldi bat eginen dute: euskal preso eta iheslarien aldeko manifestazioa. Gazte aldarrikapen poteoa izanen da gero TTEK elektrotxarangarekin, duela zenbait urte sortu zena eta arrakasta handia duena. Eta eguna bukatzeko, Skakeitan eta On taldeen kontzertuak, lehendabizikoz plazan.

Larunbatean gazte manifestazioa izanen da, «Batin eginen dugu!» leloarekin, eta igandean, Pikunk eta Underoots taldeen emanaldiak. Astelehena egun handia izanen da lesakarrentzat, Peñen Eguna; asteartean bertsolari gazteekin poteoa, aurreneko aldiz eginen duten gazte afaria eta irrintzi eta karaoke txapelketa izanen dira; eta amaitzeko, asteazkenean, Udalak antolatutako herri bazkaria eta txosnen itxiera.

Puntu lila

Txosna batzordeko kideek jakinarazi dutenez, Puntu lila jarriko du Udalak arkupeetan, bestetan ez dutelako eraso sexistarik onartzen, baina, zerbait gertatuz gero edo informazioa behar izanez gero, bertara jotzeko.

Bisitariei herriarekiko ahalik eta errespetu gehien erakusteko ere eskatu diete bai txosnetako gazteek bai Udaleko langileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo