GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora

Atutxak azken txanpa bikaina egin eta aukerarik gabe utzi zuen Otaegi

Jon LEUNDA

Aitzol Atutxak ez zion inongo aukerarik eman atzo Joseba Otaegiri eta Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako aurreneko puntua eskuratu zuen.

Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta Atutxak horietako bost bereganatu zituen. Otaegi Gipuzkoako txapeldunak, berriz, bakarra irabazi zuen.

Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta Atutxak 27an moztu zuen, Otaegiri lauren aldea kenduz. Bigarren saioan, Aitzolek aldea gehitu egin zuen, 45 ontzako enborra 54 segundoan ebaki eta beste lau segundoren tartea egin baitzuen.

Hirugarren lanean, ordea, aurka zuen aldeari buelta eman zion Otaegik. 45 ontzako enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta minutu bat eta 41 segundoan bota zuen Otaegik. Atutxak, aldiz, 32 segundo gehiago behar izan zituen. Lan erdien ostean, Otaegi aurretik zen, nahiz eta 17 segundoko aldea besterik ez zuen bere alde.

Hortik aurrera, ordea, gipuzkoarrak ez zuen izan inongo aukerarik, Atutxa jaun eta jabe izan baitzen. Laugarren lanean, 60 ontzakoa etzanda jarrita ebaki behar izan zuten, eta berriro ere bizkaitarra aurretik jarri zen. 2.33 izan zen bere denbora eta 18 segundo kendu zizkion Zizurkilgoari, segundo bat aurretik jarriz.

Bosgarren lanean, 45 ontzako enbor bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki behar izan zuten, eta hor saioa ia erabakita utzi zuen Aitzol Atutxak. Lana 2 minutu eta 42 segundoan burutu zuen, eta 32 segundoko tartea kendu zion Josebari. Azkeneko lanean, bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta berriro ere bizkaitarra gailendu zen. Bere lana 9 minutu eta 40 segundoan amaitu zuen, eta 10 minutu eta 51 segundo behar izan zituen Otaegik.

Lan guztiak burutzen, 18 minutu eta 49 segundo pasatu zituen Atutxak, eta 20 minutu eta 13 segundo, berriz, Otaegik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo