Senak taula eta zuhaitz gainetara igoko du Sen taldea bere itzuleran
Ia hamar urteren ondoren, Aitor Uriartek, Haritz Harreguyk, Joseba San Sebastianek eta Aiheko Zubimendik osatutako Sen taldea taula gainera itzuli da eta, oraingoz, senari kasu eginez, urte bukaerara arte kontzertuak emateko asmoa dute. Gaur ezohiko agertoki batera igoko dira, Larraitzeko Txindokiko Itzala natur parkeko basoan, hain zuzen ere, bospasei metroko garaiera duten zuhaitzetan zintzilik direla eskainiko baitute kontzertu berezia.
Ane ARRUTI | HERNANI
Hamar urte agertokietara igo gabe egon ondoren, aurtengo martxoaren 16an eman zuen Sen taldeak Usurbilgo gaztetxean itzulerako lehenengo kontzertua. «Kristorena izan zen lehenengo kontzertua, berriz elkartu, kristoren urduritasuna, jendearen jarrera zein izango ote zen dudan... Lepo zegoen gaztetxea eta erabat hunkituta gelditu ginen hiru-lau egunetarako», kontatu zuen Aiheko Zubimendi bateria-jotzaileak.
Urte bukaerara bitartean kontzertuak eskaintzeko asmoz elkartu dira berriro ere Aitor Uriarte oñatiarra, Haritz Harreguy usurbildarra, Joseba San Sebastian lesakarra eta Aiheko Zubimendi hernaniarra. «Haritz eta biok noizean behin elkartzen ginen eta ni beti ibiltzen nintzen zirikatzen itzultzeko. Halako batean esan zidan Aitor gogoarekin zegoela. Nik Josebari deitu, laurok elkartu eta bost minututan baietz erabaki genuen», kontatu zuen Zubimendik. «Ni izan ezik, denak gurasoak dira. Koskortu dira nolabait seme-alabak, eta errazagoa da denbora ateratzeko orduan», gaineratu zuen. Ez du gogoan zer dela-eta eman zioten amaiera taldeari: «Beti oso giro ona mantendu izan dugu. Arazo berezirik ez zen egon uzteko».
Eta behin taulara igotzen hasita, ondo igo ere; gaurko emanaldi oso berezia antolatu baitute Abaltzisketako Txindokiko Itzala natur parkean, turismo aktibo jasangarriaren inguruan egingo diren topaketen baitan. Bertako basoan, zuhaitzetara igota eskainiko dute kontzertua. «Basoan joko batzuk ditugu jarrita, estruktura batzuk daude bost-sei metrotara, eta estruktura horien gainean egingo da. Berezitasun hori izango du», azaldu zuen Ekaitz Zubelzu bertako arduradunak. Plataforma horien gainean, beraz, arnesekin lotuta, «eta agian tirolinaren batekin...» entzun eta ikusi ahal izango dute bertaratutakoek laukotea. «Bateria kokatzeko bi zuhaitzen artean nolabaiteko plataforma bat jarriko dute. Nik aurreko gauean uste dut ez dudala lorik egingo», aitortu zuen Zubimendik.
«Izarrak berri»
Itzulera ospatzeko, kantu berri bat osatu dute, «Izarrak berri» izenekoa. «Izan daiteke omenalditxo bat taldeari, laburbilduz ere gure ibilbide txikia», dio Zubimendik. Bideoa ere egin dute, Peru Galbetek zuzendua. «Sare sozialen bitartez zabaldu dugu, baina ez dugu asmorik disko batean grabatzeko. Gure asmoa urte bukaerara arte kontzertuak ematea da, oraingoz behintzat; gero ikusiko da».
Pop-rock doinuak jorratu zituen Sen-ek. Aitor Latzen taldetik zetorren, Larrua Truken aritzen zen Haritz eta Aiheko, berriz, Mixil taldean. Geroztik, Haritzek mantendu du musikarekin lotura handiena, soinu teknikari aritzen baita Usurbilen duen Higain estudioan. Aitor Une taldean aritu izan da azken hiru-lau urtetan eta Josebak Alex Ubagorekin eta Anje Duhalderekin egin izan ditu kolaborazioak, besteak beste. «Agian, ni naiz musika gehien albora utzi duena, lagunen batekin edo aritu naiz, baina kontzerturik ez», dio Aihekok.
Hiru disko argitaratu zituen taldeak. Lehenengoa, «Sen» (Oihuka), 2000. urtean. Hamabi kantu biltzen zituen lan honek eta hitzetan Jon Garmendia Txuriya, Gorka Urbizu eta Joxean Artze izan zituzten laguntzaile. Mikel Artiedak, Mikel Azpirozek, Pedro Miguel Aginagak, Noemi Zapirainek, Ignacio Alkainek eta Irati Ortubiak ere kolaboratu zuten. Garate estudioan grabatu zuten eta Haritz Harreguy bera izan zen teknikari. Bigarrena «Gaizki esanak...» (Metak) izan zen, 2002an. Hau ere Andoainen grabatua Aurretik aipatutakoez gain, Juan Luis Zabalaren hitzak ere biltzen dira. Disko honetan izango zuten lehen harremana Hendrik Roever gitarra-jotzailearekin; ondoren, 2003an, berarekin kaleratu zuten hirugarren diskoa, «Sen - Hendrik Roever» (Metak - Pil pil sessions), aurreko lanetako kantuen bertsio akustikoekin. «Disko hori grabatu eta utzi egin genuen, ez genion jarraipenik eman. Kontzertuetan hori aurkezteko aukerarik ez genuen izan», esan zuen Zubimendik. Hala ere, datozen kontzertuetan lehenengo bi diskoetako kantu haiek joko dituzte, formatu originalean. Datak eta informazio gehiago: sentaldea.com
«Sare sozialen bitartez zabaldu dugu, baina ez dugu asmorik disko batean grabatzeko. Gure asmoa urte bukaerara arte kontzertuak ematea da, oraingoz behintzat; gero ikusiko da».
Plataforma batzuen gainean, arnesekin lotuta, «eta agian tirolinaren batekin...» entzun eta ikusiko dute bertaratutakoek laukotea gaur Abaltzisketan emango duen kontzertuan. Ekitaldi honi buruzko informazioa «www.txindokikoitzala.com» atarian.
Sen-en kontzertua I. Turismo Aktibo Jasangarriaren Azokaren baitan kokatzen da, natur turismoa bultzatzen duen Abaltzisketako Txindokiko Itzala eremuak antolatu duena. Aurretik, 20.00ak aldera, Tristan Crowley bakarlari irlandarra arituko da, zuhaitz gainean igota hau ere. Topaketa hauen inguruan, asteburu osoan ekintza ugari izango dira. Gaur, longboard eta patinak, eskalada eta BTT ibilbideak egiteko aukera izango da. Bihar, berriz, tailerrak eta abentura ekintzak egingo dira: rokodromoa, slike line-a, arku tiraketa, zuhaitz parkea... GARA