GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Munduko astoa

Emechetaren emakumeek hankaz gora uzten dute ikuspegi afrikar maskulinoa, zeinaren arabera etxeko zereginei, hau da, amatasunari eta emazte rolari lotuta dagoen objektu bat den emakumea.

Bere obra azaltzeko orduan, Buchi Emechetak biziraupen hitza aipatzen du etengabe. Egilearen hitzetan, bere nobela guztiek gaur egungo Britainia Handian beltzek aurre egin behar dieten arazo eta aurreiritzien inguruan dihardute. Bere pertsonaietarik gehienak bi munduren artean harrapatuta bizi dira, eta haietako batek ere ez ditu definitzen. Emechetaren ibilbidea aztertzeari ekingo bagenio, baina, berehala ohartuko ginateke Nigeriakoaren liburuetan britainiar beltz guztiek ez dutela espazio bera betetzen. Hain zuzen, emakumezko beltzen historia kontatzea izan du lehentasun Emechetaren literaturak, historia bat zeinak arrazismoari ez ezik, genero diskriminazioari egiten dion aipamen. Bere pertsonaietatik ezagunena, Adah, «bigarren mailako herritar» moduan definitzeak, lelo bera izenburutzat duen Emechetaren bigarren nobelak agertzen duen bezala, argi uzten du zein den hemen helburua: Zora Neale Hurstonek emakume afrikar-amerikarren gainean esan zuen moduan, emakume beltza munduko astoa dela erakustea.

Emechetaren emakumeek hankaz gora uzten dute ikuspegi afrikar maskulinoa, zeinaren arabera etxeko zereginei, hau da, amatasunari eta emazte rolari lotuta dagoen objektu bat den emakumea. Gogoa eta irudimena dituzte ezaugarri, Adah bera da horren adibide, gizonezko beltzek ez bezala. Emechetak buelta ematen dio Fanonek «Les demmes de la terre»-n teorizatutakoari; hau da, emakume beltzak direla gizonezko zuriekin ezkontzea amets egiten dutenak. Emechetarentzat emakume beltzak langileak ez ezik, oztopoei aurre egiteko daude prest beti; gizonezko beltzak, aldiz, subjektu pasiboak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo