ARGIA | Urko Apaolaza, 2013/7/5
Presa lehertu zenekoa
Euskal Herriak badu bere Vajont txikia, Mutiloan gertatu zen duela 25 urte. (...)
Liernitik igarotzen den txirrinduentzako eraberritutako burdinbide zoragarriaren amaieran Barnaola baserria dago, meatzeetatik minerala garraiatzeko toki estrategikoa. XIX. mende amaieran kapitalismoa paraje horietara ere iritsi zen eta Compañia Minera de Mutiloa SA herritarrek tradizioz ustiatzen zituzten meatzeen jabe egin zen. Hainbat kilometroko trenbidea, minerala kargatzeko egiturak, lokomotorak gordetzeko gurdi-tokiak eta abar eraiki zituen horretarako, dena puntako ingeniaritza erabiliz.
Kontua da herritarrek segituan nabaritu zutela Troi bailaran behera eta baita Oria ibaian ere ura kutsatuta agertzen zela maiz. Kexa horiek eta orduko legeak tarteko, dekantazio putzu batzuk eraiki zituzten, harrizko presak eta guzti. Denboraren joanarekin meatzeak erabili gabe geratu ziren eta zelaigune gozo ezohiko batzuk baino ez ziren geratu, dena lohiak eta ahanzturak irentsi baitzuen, baita presaren horma bera ere.
Ia mendea geroago, presa hura diseinatu eta baimendu zutenak jadanik hilda zeudela, ingeniaritza puntako hori hankaz gora jarri zuen amalurrak. 1988ko uztailean ur erauntsi batek maldan behera bidali zuen lokatz, mineral hondar eta presaren horma zati bat. (...)
Egun «puntako ingeniaritzaz» egindako azpiegiturak diseinatzen eta baimentzen dituztenek badute zer ikastekoa historia xume horretatik. Zertan izango da Esako urtegia hemendik mende barru? (...) Energia krisiak eta petrolio faltak bermatzen ote du etorkizunean azpiegituren segurtasuna? Gai izango ahal gara horiek baldintza egokitan mantentzeko? Eta batez ere, inor bizi al daiteke halako ziurgabetasunarekin?