GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seaskak amaitutzat eman du Baionako okupazioa

Okupazioaren laugarren egunean, Baionako Alderdi Sozialistaren egoitzan ziren Seaskako guraso eta irakasleek lokaletik alde egitea erabaki zuten atzo. Auziaren inguruan ministerioarteko bilera eginen dela hitz eman diete, eta, hala, «borondate oneko keinu gisa» utzi zuten lokala.

p015_f01_2.jpg

GARA | BAIONA

Alderdi Sozialistak Baionan duen egoitzan mantentzen zuen lau eguneko okupazioa amaitutzat eman zuen atzo Seaskak, Parisek ikastolen estatusaren inguruan ministerioarteko batzarra deituko duela ezagutu ondoren. Kazeta.info webguneak adierazi zuenez, atzo goizean ikastola guztietako ordezkariak elkartu zituen batzar luze eta gogor baten ondoren, oraingoz okupazioa gelditzea erabaki zuten Seaskako kideek.

Astelehen eta asteartean Parisen auziaren inguruan ministerioarteko bilkura eginen dela hitz eman diete Seaskako ordezkariei, eta, hala, «borondate oneko keinu gisa», lokala utzi dute. Hala ere, asteazkenerako berririk ez baldin bada, egingo dituzten bertze ekintzak zeintzuk izanen diren ere deliberatu dute jada. Prefetak eta Alain Rousset diputatu eta Akitaniako presidenteak auzian esku hartuko dutela ere hitz eman dute. Estatuko murgiltze sistemak biltzen dituen Eskolimeko bertze federazioek ere Parisen Gobernuarekin bilkura bat izanen balitz parte hartuko luketela egiaztatu dute.

Gogoratu behar denez, Hendaiako ikastolaren eraikinaren finantziazioaren inguruan sortutako ika-mikaren ondorioz, «Lege bat ikastolentzat!» lelopean PSko Baionako egoitza okupatu zuten asteazkenean Seaskako ordezkariek. Etorkizuneko ikastolek Hendaiakoa uneotan izaten ari den pareko arazoak izatea saihestuko lukeen geruza legal bat lortzeko ari dira mobilizatzen.

Batzarraren zain

Hendaiako ikastolaren eraikuntzaren finantzazioaren inguruan sortutako arazoen harira, Patrick Dallennes suprefetak argi eta garbi esan zuen Garapen Kontseiluaren bilkuran Parisko aginduak betetzen ari zela. Falloux legea aplikatuta, egun ez dela inolako konponbiderik argiki esan zuen Dallennes berak «Ahoan bilorik gabe» saioan euskal hedabideekin egindako elkarrizketan: «Ez dago konponbiderik. Ez Hendaian ez bertze ikastolen kasuan». Honakoa ere gaineratu zuen: «Denbora anitz pasa dugu balizko aterabideak ikertzen. Ez dugu deus atzeman. Barne Ministerioko adituei ere egin genien galdera, sakoneraino joateko ikerketa horretan aterabidea atzemateko. Alperrik».

Horrek argi erakusten du, Seaskaren iritziz, zein den segitu beharreko galdea: «Guk lege berri bat galdetzen dugu, ikusi beharko da zein den haien proposamena». Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak euskal parlamentarien borondate onaren gaineko zalantzarik ez badu ere, hurrengoa ere eman du aditzera azken egunotan: «Funts eskasia ikaragarria dute, ez dira kapaz haien artean harremanetan jarri eta Parisen hitzordu bat lortzeko». Rousseten eta prefetaren esku hartzearekin zer lortzen den ikusteko da orain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo