GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | NARRATIBA

Babes bila doazenak

p052_f01.jpg

Leire ZUBELDIA

«Intemperies». Hiztegian begiratzea pentsatu dut lehenik. Segundu batzuk geroago ezetz erabaki dut. Idazleak emandako definizioaz fidatzea nahiago. «Babes bila» azpi-izenburuak informazio asko ematen du irakurtzera zoazenari buruz. Azaleko argazkia ere esanguratsua da. Bertan emakume bat ikus daiteke: Luzia. Olatuak lehertzen diren lerroan oinez doa, burumakur, pentsakor. Baina ez doa bakarrik. Aurrerago dauka Taka, bere txakurra. Liburuaren azalak ederki asko laburbiltzen du Lurdes Oñederraren azken nobela. Istorioan gakoak izango direnak aurreratzen dizkio irakurleari: denboraren iragana, hartutako erabakietan atzera egin ezina eta bakardadea. Horrek guztiak egoera jakin batean uzten ditu pertsonaiak, uzten gaitu pertsonak. Babes gabe...

Azalekoa aipatu dugu orain arte, baina nobela honek gehiago du mamitik azaletik baino. Hots, pertsonen barne mundua da Oñederrak azaltzen diguna. Giza harremanak, maitasuna edo maitasun eza, bakartzea, absentzia, bakardadea finean. Liburuko lehenengo esaldietatik («Denbora desberdin ari da igarotzen. Luziak ez daki noiztik, noiz hasi zen denboraren desberdintasun hori...») sartzen da irakurlea barneko mundu horretan, Luziaren gogoan. Eta kontatzeko tonua, eta kolore grisa, eta Adan, eta Sagarra eta... berehala datorkio irakurleari liburu honen ahizpa zaharra «Eta emakumeari sugeak esan zion». Keinuak etengabeak dira. Haren jarraipen modukoa ere izan daiteke tematikari, idazkerari eta baita pertsonaiei dagokionez ere. Liburu hura gustura irakurri zutenek gustura irakurriko dute hau ere.

Luzia. Ofizioz hizkuntzalaria, bakarrik bizi da, edo hobe esan, ia bakarrik. Taka txakurrak hartu du Martin bere bikotekide ohiaren lekua. Luzaroan pentsatu zuen Luziak ez zela gai izango senarra uzteko, baina bai. Eta orain, bakarrik eta triste, lasai dago hartutako erabakiarekin. Datua zehatz ematen ez bazaigu ere, 50-60 urte bitarteko adina izango du, gorputzaren bestelakotze geldiezin hori ari baita bizitzen. Bakarrik ari da gelditzen. Beste muturrean Victor daukagu. Madrilen bizi den neurologoa. Hau ere bakarrik bizi da Julia bere emaztea minbiziaz hil zenetik. Haren absentzia jasangaitza egiten zaio Victorri, eta, hala, oraindik emaztearekiko sentitzen duen maitasunak ez dio beste harremanik izaten uzten. Luzia eta Victor Eva haurrak elkartuko ditu. Eva ere bakarrik dago ama eta aita eztanda batean hil zirenetik. Evak ere ezin du besteekin harremanik izan, baina halabeharrez, afasia baitu. Luzia eta Victorrek aztertuko dute bere kasua. Eta kasuaren aitzakian, afaltzeko geratuko dira, eta Gabon gaua ere elkarrekin pasako dute Donostian. Baina nahi eta ezin batean beti, elkarrengana gerturatzeko beldurrez.

Ahots narratzaile orojakile batek deskribatuko dizkigu pertsonaien sentimendu eta pentsamendu guztiak. Hirugarren pertsonan hitz egingo digu beti, baina ikuspuntua aldatuz: nobelaren hasieran Luziaren ikuspuntutik, eta, amaiera aldera, Victorrenetik. Alde horretatik, egitura orekatu eta simetrikoa darabil egileak. Gabon gauean hasi eta Gabon gauean amaitzen da liburua, ikuspuntuak dira aldatzen direnak. Tartean, berriz, hilabetez hilabete urte horretako egunerokotasunaren kronika egiten digu.

Gertakari handirik gabeko istorioa da, baina bi pertsonaien artean sumatzen den tentsioak bultzatzen du irakurtzen jarraitzera. Oñederrak lehenengo muxua noiz iritsiko zain jarri du irakurlea. Iristen den edo ez esatea gehiegi esatea litzateke. Zeuk egiaztatzea izango da hoberena, gozagarriena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo