GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Ez hanka ez buztan gelditu den AHT, gelditu

Krisiak alde positiborik izan badu, «estrategiko», «aurrerapenaren berme» eta «herri kohesiorako giltzarri» gisa aurkezten ziren azpiegitura makroproiektuak kinka larrian jarri izana da. Ikusgarria egiten da hau abiadura handiko trenaren (AHT) kasuan. Parisek atzo baieztatu zuen Bordele-Hendaia tartea 2030. urtetik harago gibelatuko dela AHTrentzat. Burgos-Gasteiz tartea, aldiz, 2024. urtera arte atzeratuko da. Gasteiz-Iruñea-Bartzelona konexioa galdutzat jotzen da. Panorama honekin, AHTren bultzatzaileek erabiltzen dituzten hitzak erabiliz, «errealismo ekonomikoagatik» eta «beteko ez diren promesak ez egiteagatik» ez ote da iritsi ez hanka ez buztan gelditu den AHT gelditzeko unea? Ebidentzia teknikoen argitara proiektua hainbeste debaluatu ondoren, apriorismo politiko guztiak gainditu eta barregarri uzteraino, absurdoaren zeremoniari akabera eman behar zaio. Erridikuluak mugak izan ohi ditu eta kasu honetan, egunetik egunera, begi bistakoa da marka berriak gainditzen ari direla.

Hasieratik AHTren kontra aritu direnek ez dute arrazoia emateko beharrik. Aski da arduradun politikoak arrazoizko jokabideekin aritzea. Eta gauzak dauden horretan egonik, politikakeriaren liskarren beharrik gabe, zentzu onez jokatuz erabaki argia behar da: lehenbailehen gelditu zentzugabekeria. Euskal herritarren ongizatea eta gure herriaren onbidea baitago jokoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo