GARA > Idatzia > Mundua

AEBetako espioitza sarea Latinoamerika osora zabaldu zen

Edward Snowden CIAko langile ohiak ezagutarazitako AEBetako espioitza sarea Latinoamerika osora zabaldu zen. «O Globo» egunkari brasildarrak atzo argitaratu zuenez, Brasil bera, Mexiko eta Kolonbia izan zituen jomuga nagusi. Venezuelak Snowdenen asilo politiko eskaera jaso du.

GARA | BRASILIA

AEBetako espioitza sarea Latinoamerika osora hedatu zen, eta, gai militarrak ez ezik, merkataritza eta ekonomia sekretuak ere bilatzen zituen. «O Globo» egunkari brasildarrak atzo argiratu zituen Edward Snowden CIAko langile ohiaren bitartez ezagututako datu berriak. Eta informazio horien arabera, Venezuelako petrolio arloko eta Mexikoko energia arloko informazioak lortzea zen AEBen helburua. Brasil eta Mexikorekin batera, Kolonbia izan zen espioitza sarearen jomuga nagusia, batez ere FARC gerrillaren mugimenduak. Halaber, Venezuela, Argentina, Ekuador, Panama, Costa Rica, Nikaragua, Honduras, Paraguay, Txile, Peru eta El Salvador etengabe espiatu zituzten AEBek.

«O Globok» hainbat mapetan CIA eta NSA agentzia estatubatuarrek gehien espiatu zituzten herriak gorriz adierazi ditu, eta, bertan ikus daitekeenez, Brasil, Kolonbia eta Mexiko AEBentzako interes geopolitiko handiena duten herrien mailan daude, Iraken pare. Espioitza baseak Brasilian ez ezik, Caracas, Bogota, Panama Hiria eta Mexiko Hirian ere izan ziren. Bost baseok 2002ra arte egon ziren martxan gutxienez; ordutik, aldiz, ez dago espioitza frogarik egunkariaren arabera. Bestalde, Kolonbia NSA bezalako agentzientzako esparru aparta dela nabarmentzen du, AEBekin duen aliantza militarrari esker.

Brasilen eskandalu handia sortu zen espioitza herritarren komunikazioetara ere iristen zela ezagutu zenean. Horren erakusle, Dilma Roussef Brasilgo presidenteak gertatutakoa Nazio Batuen aurrean salatuko duela iragarri zuen, bere ustez, giza eskubideen eta subiranotasunaren urraketa larria eman delako.

Venezuelan, berriz, Nicolas Maduro presidenteak Snowdenen asilo eskaera jaso dutela baieztatu zuen. «Berak erabaki beharko du noiz datorren, bai behintzat azkenean etorri nahi badu. Latinoamerika lurralde humanitarioa da», esan zuen. Errusiako diputatu batek, berriz, Snowdenek Venezuelaren asilo eskaintza onartu zuela zabaldu zuen Twiterrez, baina berehala ezabatu zuen mezua eta telebistan entzundako informazioa zela azaldu.

Jacinto Suarez Nikaraguako Parlamentuko Atzerri Batzordeko presidenteak Snowdeni asiloa emateko dituzten zailtasunak nabarmendu zituen. «Nikaraguak baietz esan zion, baina presidenteak [Daniel Ortega] oso garrantzitsua den zerbait gaineratu zuen: `Baldintzak egokiak badira'». Eta Suarezek uste du baldintza egokirik ez dela. «Lehenik, nola irten Moskutik? Bigarrenik, nola iritsi hona? Ez da erraza», adierazi zuen. Nikaraguan diharduten AEBetako enpresariek, badaezpada, erabakiak «ondorio ekonomiko eta komertzialak» izango lituzkeela ohartarazi dute.

barkamen eskaera

Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministro espainiarrak barkamena eskatu dio Evo Morales Boliviako presidenteari bere hegaldia atxiki izanagatik «gaizki-ulertzeren bat egon dela uste badu». Hori bai, ministroak Estatu espainiarrak ez zuela bere aire espazioa itxi eta eskala teknikoa egiteko baimena eman zuela berretsi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo