UDATE | Iruñeko Sanferminak
Aurten bai, eta baita datozenetan ere
Ane ARRUTI
Watxap bidez iritsi zitzaidan argazkia eta, horrelako gehienetan gertatzen den bezala, Photoshop muntaia bat izango zela pentsatu nuen Lesakako sanferminetan poteatzen ari nintzen bitartean -hara ere egin behar da bisita noizean behin-. Iruñean bizi nintzen garaietan pisukide izan nuen lagun bat, aspaldian ikusi dudan irribarre handienarekin, etorri zitzaidan beranduago ikurriñaren balentria kontatzera. Inoizko txupinazorik onena galdu nuenaren sentsazioa izan nuen aurrena baina 1999ko Sevillako atletismoko mundialean dantzan aritu ziren Giraldillak etorri zitzaizkidan gogora gero; mundu guztiko begiradak so ditugunean zast! Seguritatearen izenean «garbitasunaren» alde lan egiten dutenei gola.
Hiri honetan beti kontra egin beharraz nazkatuta dagoela esaten zidan batek German Rodriguezi peñek eskainitako omenaldian. Eztabaida ere izan genuen, ea txupinazoan gertatutakoak alde baino kontra gehiago egiten digun. Zer nahi duzue esatea, horrelako garaipen txikiek indarberritu egiten gaituztela uste dut.
Izan ditut disgustuak ere. Lehenengo potea hartzeko Iruñazarran gelditu beharrean «Burriking»-en parean zitatu ninduten atzo. Batalla galdu bat baina ez lanarekin aurrera jarraitzeko ilusioa zapuzteko nahikoa. Duela urte batzuk pentsaezina litzateke entzierroetako bigarren kantikoa euskaraz entzutea. «Barracas políticas» ezagutu ez genituenoi oso arraroa egiten zaigu Sanferminetan txoznetan garagardo bat hartzea, baina posible izan da eta oraindik onena bidean da.