UDATE
Eako Poesia Egunak, hamar urte artearen eta literaturaren gaineko hausnarketa bultzatzen
Alvaro HILARIO | BILBO
Hamargarren ediziora heltzear dira jada aurtengoan uztailaren 19tik 21era garatuko diren Eako Poesia Egunak, Mari Asun Landak azaldu bezala, «herri txiki bateko elkarte txiki batek» antolatuko ekimena. Hamar urteko bidean hainbat ezaugarri finkatu dituzte: hala nola, Gabriel Arestiren berrirakurketa; artearen zein literaturaren gaineko hausnarketa; urtean zehar kaleratutako euskal poesia liburuen agerraldia; poesia gogoan duten musikarien emanaldiak; emakumearen presentzia; herriko ondasunen eta literaturaren arteko lotura sendotu eta esku hartze artistikoen bidez nabarmentzea; edota Euskal Herri kontinentalaren inguruko begirada luze eta zorrotza. Hortaz, horiek izango ditugu aurten ere literatur jardunaldion ardatzetako batzuk, gure kulturaren hainbat eragilek bizi garen egoeran poesiak dituen betebeharrak argitzeko erabiliko dituztenak.
Kultur eragileak
Mikel Antza, Joseba Sarrionandia, Eñaut Etxamendi, Luzien Etxezaharreta, Fabiana Boer argentinarra, Oier Guillan, Josu Bergara, Patxo Telleria, Mikel Martinez, Ainara Lasa, Eñaut Elorrieta, Borja Estankona, Jurdana Otxoa, Castillo Suarez edota Ainhoa Alberdi izango dira aurten Ea olerkiz, musikaz, artez eta eztabaidez betetzeko ardura izango dutenetako batzuk.
Bitxia, ederra, da Hea Elkarte Kulturalak artea eta herriko altxorrak uztartzeko urtero egiten duen ahalegina. Lapatza, Beletxe, Eskolape, Bedarona eta Natxitua guneek ez ezik, aurtengo edizioan auzolanari esker Eako herritarrek zaharberritutako XVIII. mendeko Urtubiagako burdinolak ere izango du protagonismo berezia. Azpimarratzekoa da «Zaldiarri» argitalpena hirugarren aldiz kaleratuko dutela ere. Egitaraua www.eakopoesiaegunak.com helbidean aurki daiteke.