Srebenica: isiltasun politikoak ozen aditzen dira
Holokaustoaren geroztik Europan izan den ankerkeria okerrena gertatu zen atzo hamazortzi urtez. Srebenicako gizonezko preso, militar eta zibil musulmandar oro, zahar eta gazte, beren ondasun eta nortasun agiri guztiez gabetu eta, metodikoki, apropos hil zituzten. 8.000 bat musulmandar hil zituztuen indar serbobosnioek genozidio egin zutela onartuta dago. Eta dudarik gabe, sarraski haren lehen ardura egin zutenen bizkar dago. Atzo bertan, Hagako epaitegia Karadzic genozidioagatik epaituko duela ebatzi zuen, DNA frogak eginda beste 409 biktima identifikatu ondoren Potocariko mausoleoan lurperatu zituzten egun berean.
1992. urtean, musulmandarrak autodefentsarako zuten eskubidea ukatuz NBEk armen enbargoa ezarri zien. «Baliokidetasun amoral» horregatik Koffi Annanek barkamena eskatu zuen. Serbiako parlamentuak adierazpen historikoa egin zuen 2010. urtean «krimen lazgarri» hura kondenatuz. Kontua da, ordea, urteurrenak joan eta etorri, hala edo honela ospatuta ere, oso ozen aditzen dela genozidio hartan ardura zuzena izan zuten hainbat estaturen (britainiarra, holandarra...) isiltasun politikoa. Sarraskia saihesteko ardura eta modua izan eta beste alde batera begiratu zutenek, are errefuxiatu bosniarrei beren mugak itxiz, badute garaia isiltasun mingarri horrekin amaitzeko.