GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Namibia Skeleton Coast: Munduko leku bakartienetan ere jende pilaketak izan daitezke

Namibiako Skeleton kostaldea oso basatia da, ez dago gutxieneko giza azpiegiturarik eta natura da nagusi. Hala ere, jende pilaketak izaten dira urautsian. Bertako surflariek jendea sakabanatzeko proposamen bat egin dute: autoen motorrak itzaltzea.

p034_f01_199x142.jpg

p034_f02_148x112.jpg

p034_f04_148x84.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Olatu onak dauden edozein lekutan izaten dira jende pilaketak, eta leku askotan sekulako arazoak izaten dira surflarien artean. Bertako jendeak kanpotarren masifikazioa jasan behar izaten du eta ondorioz lekutar askok indarkeria erabiltzen dute «beren urautsian» ordena ezartzeko.

Orain urte gutxi egin zen famatua Namibian dagoen ezker olatu bat, eta jada jende pilaketak direla-eta inguruneari ere eragiten dioten arazoak sortu dira. Halako kasuetan lekutarrak kanpotarrak indarrez botatzen hasi ohi dira, baina Namibiako kasuan bertako surflariek hartu duten erabakia askoz ere zentzuzkoagoa izan da. Oinarrizko arau bat ezartzea erabaki dute; surflariek ez ditzatela 4x4 autoak erabili olatu baten ostean berriz urautsira itzultzeko.

Afrikako hego-mendebaldean dago Namibiako Errepublika eta bertan dago munduko ezker olatu luze eta biribilenetako bat. 2006. urtean «aurkitu» omen zuten, baina lekutarrek lehenagotik ere bertan surf egiten zutela esaten dute.

2008. urtean Cory Lopezek irudi liluragarriak bildu zituen, «The new Cape St. Francis» deitu zuen leku batean. Leku hartan bideoz jasotako lehen olatua izan zen berea. Lopez ia amaierarik ez zuen ezker olatu bikain batean surf egiten agertzen zen, Namibiako desertuak itsasoaren egiarekin bat egiten duen leku bakarti batean. Surflari profesionala itsas txakurrez inguratua agertzen zen. Irudi haiei esker, tuborik luzeenaren saria ere jaso zuen.

Egun, munduko txoko bakarti hartara surf egitera joaten diren surflariak asko dira eta lehen ika-mikak sortu dira.

Cory Lopezek ezagutarazi zituen olatu eder haiek aurkitzen diren kostalde bakarti eta basatiak, Skeleton Coast du izena, alegia, «hezurren kostaldea». Skeleton Coasteko ezker olatua munduko luzeenetako bat da. Lehertzen hasten den lekutik amaiera arte ia bi kilometroko distantzia dago; beraz, ezinezkoa da ibilbide osoa olatu baten gainean egitea, baina, hala ere, distantzia oso luzeak egin daitezke, eta itzultzeko korronteek batere laguntzen ez dutenez, kanpora atera eta lehorretik bertaratu behar da urautsiaren lehen zatira. Horretarako, jende asko 4x4 autoak erabiltzen hasi da eta bertako surflariak haserretu egin dira.

Shaun Loubser, Namibiako Surf Elkarteko kidearen esanetan, «jende pilaketen arrazoi nagusia `taxi' zerbitzua da. Bertako surflariak haserre daude pilaketekin eta gauzak egiteko modu honekin. Haizagailuak kaka zabaldu aitzin zerbait egin behar dela uste dugu».

Loubser eta bere lagunek urte asko daramate Skeleton Coasten surf egiten; «aurkitua» izan aurretik ere surf egiten omen zuten bertan. 2008. urtean Corey Lopezek ezagutarazi zuenetik etengabe hasi zen jendea inguru bakarti haietara surf egitera joaten eta, egun, mundu osoko surflariak ikus daitezke urautsian, batez ere maiatz eta irail artean, hori baita bertan surf egiteko sasoi onena.

Jende pilaketak direla-eta, honela mintzo da Loubser: «Badakigu jende pilaketak ekidinezinak direla, ezer gutxi egin dezakegula kontu honekin, baina gure asmoa oinarrizko arau batzuk ezartzea da».

Bertako surflariek ezarri nahi duten lehen araua 4x4 autoen joan-etorriak murriztea da. «Autorik gabe, jendea olatuaren ibilbide osoan zehar sakabanatuko da eta hala denek izango dute olatua hartzeko aukera; justuagoa da. Oraingoz bertako jende guztia ados dago arau hau ezartzeko erabakiarekin; beraz, orain bertakooi dagokigu etsenplu ematea eta kanpotarrak ere berdin egin dezaten animatzea. Guztiok horrela jarduten badugu, ez dut arazorik ikusten jende pila bat leku berean surf egiten aritzeko.»

Urautsia Parke Nazional batean dago eta itsas erreserba babestua da. Ingurune basatia da, landaretza urria, basamortu paisaia eta harea mugikorrak; animalia txiki andana bizi da hondartzan bertan, eta han ondoan dagoen urmael batean hegaztiak pilatzen dira. Txakal eta itsas txakurrak ere nonahi ikus daitezke, eta itsasoan marrazo handiak daude.

Ingurune basati horretan autoen joan-etorriak izan dezakeen eragina ere kontuan hartu behar dela uste du Loubserrek: «Inguru hartara joateko zein han bertan ibiltzeko autoaren erabilera murriztu beharko litzateke. Autoaren erabilerak kalte baino ezin dio egin bizirik dagoen inguruneari eta, beraz, autoaren erabilera murrizteak ekosistemari egiten zaion kaltea txikituko luke. Gainera, parkeko arduradunek hara joateko baimena ematen dute, baina ez han atzera eta aurrera nahi bezala ibiltzekoa».

Parkean ibili edo bertako irudiak modu profesionalean hartzeko baimena behar da. Izan ere, askok bertan hartutako irudiekin ordaintzen dute bidaia. Namibiako zinema batzordearen esanetan, argazki profesionalak egiteko parkeko arduradunen baimena bakarrik ez, Turismo Ministerioaren oniritzia ere behar da. Hala ere, lege hau ez da inondik ere zorrotz betetzen.

Bertako surflariek badakite kanpotarrek baimenak behar dituztela hara joateko, baina gauzak beste modu batera egin nahi lituzketela dio Loubserrek: «Hona datozen gehienek ez dute baimenik eskatzen. Askok, ez dute hona etortzeko baimenik, ezta irudiak hartu edo lan egitekoa ere. Jendeari baimenik baduen galdegiten has gintezke, baina ez dugu uste gauzak egiteko bide egokia hori denik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo