GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Nafarroako Binakako Txapelketa

Larretxeak eta Rekondok garaipen bikaina lortu dute

Final ederra gauzatuta, 14 segundoko tartea bakarrik atera ahal izan zieten Nazabali eta Erasuni.

p032_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA

Jon Rekondok eta Donato Larretxeak lortu zuten atzo Nafarroako Binakako Txapelketa. Finala dotorea izan zen, ikusgarria, eta Iruñeko Foruen plazan batu zen jendetzak sekulako gozatua hartu zuen; izan ere, bigarren sailkatu ziren Nazabalek eta Erasunek irabazleek baino 14 segundo gehiago bakarrik behar izan baitzituzten.

Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Ikuskizuna hasieratik izan zen lehen bi sailkatuen artean. Antonio Senosiainek eta Juanjo Lopezek hasieran beraiei eusteko modua egin zuten, baina apurka-apurka denbora galtzen hasi ziren, eta berehala ikusi zen zeintzuk geratuko ziren hirugarren eta azken postuan.

Lan erdietara iritsi zirenean ere ez zen alde handirik lehen postuan zihoazen bi bikoteen artean. Zertxobait lehenago ziren faboritoak, Floren Nazabal eta Ander Erasun, baina Larretxeak eta Rekondok gainean jarraitzen zuten. Horrelaxe heldu ziren amaierara ere. Azken-aurreko enborra kolpe batzuk lehenago ebaki zuten Nazabalek eta Erasunek, baina ez zuten aldeari eustea lortu azkenengo enborrean.

Rekondok eta Larretxeak sekulako lana egin zuten azken enborrean, eta aurkariak pasa egin zituzten. Amaieran 14 segundoko abantaila lortu eta txapela jantzi ahal izan zuten, zaleen txaloen artean.

Atzo jokatu zen Nafarroako orga-jokoko finala ere, eta bertan Joseba Petrirena izan zen garaile. Hasiera batean, bost ziren lehian aritzekoak, baina azkenean hiru bakarrik aritu ziren lanean. Jakina zen Josetxo Urrutia ez zela arituko, min hartuta baitago, eta Bujan, berriz, ez zen agertu, ingude-altxatzeko lehiaketara agertu ez zen bezalaxe. Hala, hiru izan ziren lanean.

Finala oso polita izan zen, baina azkenean Joseba Petrirena izan zen onena. Itzuli bat eta erdi gehi 2 metro egin zituen. Atzetik Callagaghan sailkatu zen. Honek ere sekulako lana egin zuen; 3 itzuli eta erdi egin zituen. Txapela lortzetik metro gutxira geratu zen.

Hirugarren postuan, berriz, Alvaro Zugarrondo sailkatu zen, eta berak itzuli 1 eta 1/2 egin zituen. Horiekin amaitu ziren aurtengo sanferminetako jaialdiak. Urtero bezala, oso arrakastatsuak izan dira, jendeak erantzun bikaina eman baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo