GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

maribi ugarteburu | eh bilduko legebiltzarkidea

Urduñak merezi du

Urduñako Udal Gobernua EAJren eskuetan izan da 1979-2011 bitarteko epean eta, EH Bilduk ozenki salatu duenez, jeltzaleen kudeaketa estiloaren ondorioz udalerriak bizi duen egoera ekonomikoa ezin larriagoa da. Bi urte pasa dira Udal Gobernua eskuz aldatu zenetik, eta denbora tarte horretan, Ugarteburuk dioenez, «biziraupen ariketa itzela egin behar izan du» Udalak. Udal Gobernuak herritarren inplikazioa eta auzolana bultzatu behar izan du hainbat egitasmo aurrekonturik izan gabe ere aurrera atera ahal izateko, baina ez du ez laguntza ez konpromiso bera aurkitu Bizkaiko Foru Aldundiko buruzagien aldetik.

Izen horixe darama duela bi hilabetetik hona 200 herritar baino gehiago batzen dituen plataforma herritarrak. Herriko era eta adin guztietako emakume eta gizonak, kultur eta kirol taldeetakoak, ostalariak, jubilatuak, eta abar, astero batu eta beraien Udalak (eta beraz, herriak) bizi duen itolarri ekonomiko eta finantzarioari irtenbideak aldarrikatzeko martxan ipini dira. Sinadurak batzen dihardute egunotan, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko bere tutela funtzioa bete dezan, Urduñako Udalak jada bigarrenez aurkeztu dion emergentzia planari erantzun positiboa emanez.

Baina... zer gertatzen da Urduñan? Bada, EAJren kudeaketa-eredu eskas eta xahutzaileak, bere handikeriazko herri-ereduak, eragindako zor ikaragarri baten istorioa da Urduñakoa. Lau datu nahikoa dira harri eta zur geratzeko: 4.000 biztanle eskas ditu Bizkaian hiri izendapena duen udalerri bakarrak; aurtengo aurrekontua ez da iritsi 4 milioi eurora. Udalak duen zorra, berriz, 5,6 milioi eurokoa da. 2011ra arte EAJk gobernatu izan du 1979tik. Zulo beltz «kosmiko» batekin egin zuen topo, beraz, Bilduren udal taldeak duela urte bi, hauteskundeak gehiengo osoz irabazi zituenean.

Urduñaren udal zorra 2004tik datorren egoera da. Orduan ere jada larri ei zebilen Udala diru aldetik. Baina, hala ere, arrisku handiko proiektuetan sartu zen: golf eta futbol zelaiak eraiki, Aduana zaharra hotel-balneario bihurtu, bolera egin, jubilatuen etxea... Mailegu handia eskatu zuen horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren argi berdearekin. Harrezkero, bankuekiko zorra handiagoa da udal aurrekontua bera baino. Esan beharra dago, gainera, izendatutako obra horietan guztietan gastuaren kontrol falta itzela egon zela, eta kasu guztietan aurrekontuak ia bikoiztu egin zirela. Bizkaiko beste herri batzuetan gertatu legez, (Bakio, Dima, Lemoa...) EAJk bere «kudeaketa bikainaren» zigilua utzi zuen Urduñan. Desbideraketa horiek kontrol falta hutsari ala bestelako eskupekoei lotuta gertatu ote ziren oraingoz argitzeke dagoen kontua da.

Bi urte pasa dira. Urte bi horietan, Urduñako Udal Gobernuak biziraupen ariketa itzela egin behar izan du, ez baitzeukan tarterik gastu arruntari ere aurre egiteko. Karlos Arranz alkateak beti nabarmentzen duenez, «herritarren inplikazioari eta auzolanari esker» ateratzen ari da aurrera Urduña. Hainbat zerbitzu mantentzea lortu da, ia dirurik gabe: golf zelaia (enpresa pribatu bati urtean 50.000 euro ordaintzea zekarrena) erabiltzaileen kudeaketa boluntarioari esker martxan dago; musika lokalak ere musikariek kudeatzen dituzte orain; herriko jaien aurrekontua erdira murriztu da, baina lehenengo aldiz Jai Batzorde ireki eta parte-hartzailea dagoenez, jai ederrak egin dira.

Lau udal langileren kontratua amaitu ahala berritu barik utzi behar izan zuen Udalak (EAJk okasioa daukan bakoitzean EH Bilduri aurpegiratzen dionez). Baina oso argi esan beharra dago: laurak ere aurreko korporazio jeltzaleak atzamarrez izendatutako pertsonak zirela, eta ez lehiaketa edo deialdi publikoen bidez hartutakoak. Batera eta bestera, milioi bat euroko gastu-doitzea egitea lortu izan da. Arnasestuka. Eta oso argi utzi du zein den Udalaren marra gorria: oinarrizko zerbitzuetan ez du gasturik murriztuko. Ez orain ez gero: bankuei ordaintzearen eta herritarren oinarrizko zerbitzuak manten-tzearen artean, Udalak egina du jada hautua.

Baina, tarte honetan guztian, zer egin du bada Bizkaiko Foru Aldundiak? Bi urte ez baitira bi hilabete! Erantzuna borobila bezain lotsagarria da: ezer ere ez.

Urduñak amildegiaren ertzera iritsi behar izan du, betekizun guztiei erantzun ezinik Kutxabanki zenbait ordainketa eteteko erabakia hartzera behartua ikusi du bere burua. Muturreko egoera horrek lortu du bakarrik Aldundia mugiaraztea eta aurtengo konpromisoei erantzun ahal izateko neurriak onartu ditu. Aldiz, Urduñak ezin du oraindik etorkizunera begiratzen hasi, hiriko egoera normalizatzeko irtenbide integrala falta baita oraindik.

Aldundiaren ekarpena orotara 500.000 euro ingurukoa izango da. Hau da, Urduñak bere zorra %10 baino gutxiago murriztu ahalko du soilik. Udalaren kalkuluen arabera, hiriko egoera bideragarri egiteko zorraren %50 murriztea guztiz beharrezkoa da.

Urduñako Udalak bi proposamen egin izan dizkio Aldundiari, bere tutela funtzioa bete eta udalerri honen zor egoera arintzen lagundu zezan.

Lehenengoan, Aldundiari proposatzen zitzaion Urduñederra sozietate publikoaren akzioak eros zitzan, zorraren erdiaren balioagatik. Ezezkoa izan zen erantzuna. Sozietate hori, dena esatera, EAJren Udal Gobernuak berak sortu zuen 2002an, eta 2005ean Aldundiarekiko hitzarmena sinatu zuen, «Urduñaren promozio ekonomikoa bultzatzeko»...

Herriko Aduana zaharra merkatu librean saltzea. Horixe, eta besterik ez, izaten ari da behin eta berriro Aldundiak ematen dion «irtenbidea» Urduñari. Ondare publiko historikoa izanik, Udalak planteatu izan dio Aldundiak berak eskuratzea, baina horretan ere ezezko borobila izan da erantzuna, Aduana merkatu librean saltzera behartuz Udala. Aduana, ordea, ez da alkatearena, ez Bildurena, ez Udalarena: Urduñako herritarren ondarea da. Beraz, herritarrei galdeketa egitea ebatzi du Udalak, euren onespena eman ala ukatu dezaten, salmenta hori egiteko. Demokrazia ariketa gardena.

7,9 milioi eurotan tasatu da eraikina. Herriak saltzeko baimena emango balu ere, nor demontrek erosi behar du 2013ko egoera ekonomikoa aintzat hartuta? Udalak bere zorraren erdia bederen aurreratzeko eskatu dio Aldundiari, beste ezer baino lehen; gerokoak ikuskizun. «Udalerriak bizirik jarraitu ahal izan dezan, besterik barik». Orain, berriro ere, Aldundiaren erantzunaren zain daude.

Urduñaren pilota Jose Luis Bilbaoren «etxe handiaren» teilatuan dago. Eta herritarrek oso esaldi sinple eta argiekin eskatzen dituzte soluzioak: «Bilbao Bizkaia Basket salbatzeko 5,2 milioi izan badituzte, zergatik ez daukate sikieran horren erdia, urduñarrok gure oinarrizko zerbitzuak manten ditzagun?». «Aldundiaren beraren baimenari esker zorpetu zen kokoteraino Urduñako Udala; arazoaren sorreran inplikatu ziren, beraz. Zergatik ez dira orain soluzioarekin inplikatzen?».

Jose Luis Bilbaoren EAJren estiloaren paradigma tristea da Urduñaren zorra. Baina, EH Bilduren politika herritarraren paradigma itxaropentsua ere bada, azken bi urte hauetan eta aurrera begira ere planteatutako guztia.

Gaia laburbiltzen duen bideoa egin du Urduñako EH Bilduk eta sarean duzue: http://urduna.ehbildu.net/2013/04/22/bideoa-urdunako-udal-zorpetzea-jatorria-eta-proposamenak/.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo