GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Txikotaren bilakaera: Surflaria eta taula lotzen dituen zilbor-hestearen amodio istorioa

Egun ez da txikotarik ez duen surf taularik, baina hastapenetan, oholek ez zuten lotailurik. Surflaria eta taula lotuko zituen txikota ez zen egun batetik bestera sortu, urratsak pixkanaka egin ziren. Edonola ere, taularena, ez da ebaki beharreko zilbor-hestea.

p038_f01.jpg

p038_f02.jpg

p038_f03.jpg

p038_f04.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Uretanoz egindako kablea da txikota, surflariaren orkatila eta taula edo bodyboarda lotzen dituena. Egun, txikota ezinbesteko zerbait da eta badirudi beti horrela izan dela, baina surf modernoaren hastapenetan ez zen taula eta surflaria lotuko zituen material fisikorik.

1971. urtean hasi ziren txikotak surf munduan zabaltzen. Ordura arte surflariak bere akatsak igeri eginaz ordaindu behar zituela pentsatzen zen.

50eko hamarkadako filmetan ikus daitekeen moduan, garai hartan taulak handiak, astunak eta baldarrak ziren. Surflariek txikotarik gabe aritzen ziren surfean; beraz, erortzen baziren taula galtzen zuten. Garai hartako olatu handietako surflariak, Buzzy Trent edo Greg Noll esaterako, sasoi ezin hobean zeuden, izan ere, igeri asko egiten zuten.

60ko hamarkadan, taula txikiagoak agertu ziren eta surflari batzuk esperimentuak egiten hasi ziren erortzen ziren bakoitzean ur ertzera igeri egiten itzuli beharrik ez izateko. Lehen txikotak Santa Cruzen (AEB) egin zituzten eta ez da harritzekoa; izan ere, Steamer Lane, Stockton Avenue edo Pleasure Point bezalako urautsietan eroriz gero, taula haitzen artean galtzeko arriskua dago.

Lehen ur jantzien sortzaile nagusia Jack O'neill izan bazen, lehen txikotak egiten hasi zena bere semea izan zen, Pat Oneill. 1971. urtean Malibun izan zen txapelketa batean lehiakideen artean berak egindako txikotak banatu zituen eta jendearen harrera ona ikusita txikota gehiago egitea erabaki zuen. Pat txikotak egiten hasi zen, «txikota eroa» kaleratu zuen eta hilabete gutxiren buruan Kaliforniako surflarien artean oso hedatua zegoen txikota.

Aurrerantzean, taulak seguruago zeuden; ez, ordea, surflariak. Izan ere, taularen aurrealdearen gainaldean, hodi kirurgiko bat itsasten zuten bentosa batekin. Hodi kirurgikoaren beste aldea esku muturrera lotzen zen, beraz erortzean taularen puntarekin kolpatzeko arrisku bizia izaten zen.

Paradoxikoki, horrela galdu zuen ezker begia Jack O'neillek, txikoten egilearen aitak. Ordutik oso ezaguna da piraten moduan txaplata daraman bere bisaiaren irudia, O'neill markako logotipo nagusia baita.

Larry Block izan zen txikota bat modu ofizialean merkaturatu zuen lehena. Block ez zen kontent ordura arteko txikotekin eta Block Enterprises enpresaren bidez txikota desberdinak egiten hasi zen. Ordura arte txikota eskumuturrean lotzen zuten surflariek eta oso deserosoa zen. Gainera, bere ustez, Jack O'neillek begia galdu izanak material hura ez zela egokia frogatzen zuen.

Blocken diseinu berria orkatilan lotzen zen eta kablea atzeko lemari egindako zulotxo baten bitartez estekatzen zen. Egun, lemari txikota lotzea ideia arraroa izan daiteke, baina hastapenetan horrela izan zen. «Surfing» aldizkarian iragarki bat jarri zuen Blockek eta txikota bakoitzak bost dolar amerikarreko salneurria zuen.

Txikota berri hark, ordea, bazuen desabantaila bat, malguegia zen eta, ondorioz, surflaria erori ostean taula ziztu bizian itzultzen zen. Hodi kirurgikoak baino seguruagoak ziren, baina hala ere arriskutsuak ziren. Kablea gehiegi luzatzen zenean orkatila estutzen zuen eta odol-zirkulazioa eragozten zuen.

Horrez gain, kablea asko luzatzen zenean oso estua bilakatzen zen eta taularen atzealdean ebaki modukoak egiten zituen, eta askotan kableak taula alderik alde zeharkatzen zuen, labana batek moztuko balu bezala. Beraz, 70eko hamarkadako surflariek oraindik lehen txikota elastiko haien orbain markak zituzten azalean.

Orkatila lotzeko moduan ere urratsak egin ziren. Hasiera batean, hodi edo kablea lotzen zen zuzenean orkatilan. Gero, larruzko lotailu bat egiten hasi ziren, baina oraindik gogorregia zen eta pixkanaka malgutasun handiagoko lotailuak egiten hasi ziren, gero eta erosoagoak.

Leman txikotaren kablea lotzea maite ez zutenek ere beren esperimentuak egin zituzten. Horrela, asko taularen ipurdiaren gainaldean zuntzarekin egindako zubi moduko bat egiten hasi ziren eta han lotzen zuten txikota.

80ko hamarkadaren hasieran jada baziren txikotak egiten zituzten enpresak, Balin marka famatua kasu. Material berriekin saiakera berriak egiten jarraitzen zuten. Velcroak larrua ordezkatu zuen eta uretanoak berriz, soka elastiko edo gomazko kablea.

Larry Block aldaketa guztien lekuko eta eragile zuzena izan zen: «Uretanoz egindako lehen txikotak Cadillac Surf konpainiak egin zituen. Skatearentzako uretanozko lehen gurpilak ere beraiek egin zituzten. Hasiera batean arazoak izan zituzten orkatilako lotailua eta uretanozko kablea behar bezala lotzeko, baina kola bidez lortu zuten bi materialak egoki elkartzea. Horren ostean, txikota guztiak uretanozkoak egiten hasi ziren».

Txikota modernoa, egungoa, uretanoz egina dago. Lodiera desberdinetako kableak daude, eta orkatilako lotailua, berriz, gehienetan velcrozkoa da. Velcroa eta uretanozko kablea elkartzeko metalezko osagaiak erabiltzen dira. Txikota taulari lotzeko, berriz, soka erabiltzen da. Taularen ipurdian tapoi bat dago, taulari itsatsia dagoen taza moduko bat da, eta honek burdinazko zutoin bat du, bertatik soka muturra iragan eta txikota lotzeko.

Modelo desberdin ugari aurki daiteke merkatuan, baina oinarrian guztiek material bera erabiltzen dute, uretanoa eta velcroa. Hala ere, paradoxikoki, orain 20 urteko txikotak egungoak baino gogorragoak eta iraunkorragoak ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo