Surflari Ernegatua
Ezin zaitut ikusi
Hemen ere badira marrazoak badirela eta antzeko tontakeriak esaten dituztenak, eta egia da, baina marrazoez ari garela, marrazoez ari gara, ez antxoa moduko arrainez. Marrazoentzat ikusezin badira... zergatik ikusi behar ditugu guk? Drakula ispilu aurrean bezala, berari begiratu, eta olatua amaitzean kexu bada, ohiko errepika leloa errepikatu: «Barkatu, ez zaitut ikusi».
Australia Mendebaldeko Unibertsitateko zientzialariak enpresa batekin elkarlanean aritu dira eta, haien ustez, marrazo erasoak gutxitu ditzakeen sistema bat aurkitu omen dute. Bi sistema diseinatu dituzte eta diseinu horien arabera marrazoa subjektuarengana hurbiltzean bi gauza gerta daitezke. Lehena, marrazoak parean duena arriskutsua dela pentsatzea eta, beraz, harengandik aldentzea. Bigarrena, ur jantzi hau jantzita daraman pertsona ikusteko gai ez izatea.
Marrazoa uxatzeko teknologia surf tauletan, kayak edo beste edozein itsas kirol egiteko erabiltzen den tresneria anitzetan ezar daiteke. Ur jantzian aplikatu duten sistemarekin berriz, surflaria ikusezin bilakatzen da marrazoaren begietara. Marra beltz eta zuriz margotutako ur jantzia kosta egiten zaio marrazoari garden bereizten eta, gainera, egiaz jatekoa ez den zerbait dela uste omen du marrazo gizarajoak.
Formula hau tigre marrazoekin erabili dute. Proba anitz egin dituzte subjektu desberdinekin, baina oraindik ez dute gizakiekin probatu. Jarrera zintzoena, ziurtasun osoz mintzo den zientzialariak probak egiteko bere burua aurkeztea litzateke, ezta? Baina ez dut uste horrela izango denik. Jakin-minagatik bakarrik, probak egingo dituen morroiaren azal kolorea eta giza maila zeintzuk diren jakin nahi nuke. Bai, aurreiritziak ditudalako naiz halakoa eta ez errealista naizelako. «Beti gaizki pentsatzen».
Azken bi urteetan, bost pertsona hil dira Australia mendebaldean marrazoen erasoen ondorioz. Euskal Herrian, nik dakidala, itsasoan ez da inoiz marrazoen erasorik izan. Bai, badira hemen ere marrazoak badirela eta antzeko tontakeriak esaten dituztenak, eta egia da, baina marrazoez ari garela, marrazoez ari gara, ez antxoa moduko arrain izugarriez.
Askotan entzuten diot jendeari esaten itsasoan ez duela lasai igeri egiten marrazoen beldur delako. Bai, halakoak sarri entzuten ditut, ikasle, gazte eta helduen artean. Zentzu horretan munduan arrisku gutxien dituen itsaso bazterrean bizi gara. Tarteka, marmokak eta salberak topatzen ditugu, oinak eta larruazala erretzen dizkigute, baina munduko beste edozein lekutan aurki daitekeenarekin ez dago konparatzerik. Eta, hala eta guztiz ere, jendeak, hemen, marrazoei beldurra omen die.
Zebra ur jantzia kaleratzen duten egunean, ziur aski, arrakasta izango du marrazoak ugariak diren uretan eta, hasiera batean behintzat, produktu honen prezioa altua izan daitekeela pentsa daiteke.
Gurean, izango da halako ur jantzia erosi eta lotsarik gabe itsasoratuko den inozorik. Ez izan zalantzarik. Eta marrazoentzat ikusezin badira... zergatik ikusi behar ditugu guk? Drakula ispilu aurrean bezala, berari begiratu, eta olatua amaitzean kexu bada, ohiko errepika leloa errepikatu: «Ai, barkatu, ez zaitut ikusi».