Surfa
Nesken Munduko Surf Txapelketa Hossegorrera
Biarritzen egitekoa zen Munduko Surf Txapelketa Hossegorren egingo dute.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Uztaileko lehen bi asteetan ez da batere olaturik izan Euskal Herrian, eta ondorioz, Biarritzen egitekoa zen Roxy Pro nesken munduko txapelketa bertan behera geratu zen.
Olaturik ez zela eta hurrengo egunetarako itsas iragarpenak oso eskasak zirela ikusita, antolatzaileek txapelketa bertan behera utzi eta irail amaieran Hossegorren izaten den mutilen munduko txapelketarekin batera egitea erabaki zuten.
Biarritzeko txapelketa antolatzen duen marka eta Hossegorreko txapelketa antolatzen duen marka nagusia berberak dira; beraz, erabakia hartzea errazagoa izan da.
Gauzak horrela, gaur bertan hastekoa da AEBetan egin behar duten nesken zirkuituko zazpigarren txapelketa behar lukeena, eta honen ostean egingo da Hossegorrekoa.
Beraz, gaurtik aurrera Huntigtongeko (Kalifornia) olatuetan ikusiko ditugu nesken goi mailako 24 lehiakideak munduko titulua lortzeko borrokan.