GARA > Idatzia > Euskal Herria

kronika | etxeraten ekimena bost hondartzatan

Azalean bizitako sakabanaketaren ondorioak jendeari helarazten

Plentzia, Laida, Zarautz, Donostia eta Hendaiako hondartzetara atera ziren atzo Etxerateko kideak, «senide izateagatik kondenatu» dituztela jakinarazteko, bereziki turkesa koloreko uretan freskatzen ziren turistei. Azalean pairatzen dutena helarazi zieten.

p012_f01.jpg

Maider IANTZI - Nerea GOTI

«Palestinan baleude bezala begiratzen dute», kontatu zion Julio Guemes senideak GARAri. «Ez dute ideiarik ere hemengoaz eta `nola da posible hau?' galdetzen dute. Frantsesek zerbait ezagutzen dute, baina amerikarrek eta ingelesek flipatu egiten dute! Batzuek zer salatzen ari garen galdetzen digute».

Bisitari zein bertako jende pila zebilen Kontxako hondartzan, eguzkiak eta itsas brisa atseginak animatuta. Presoen familiakoek eta lagunek giza katea osatzen zuten bitartean, Donostia berreraiki zuteneko bigarren mendeurrena ospatzeko tarta ari ziren banatzen, eta uretan gondolin erronkan lehiatzen ari ziren haurrak.

«Senide izateagatik kondenatuak», zioen Etxeraten lelo nagusiak. Argazkiak eraman zituzten, sakabanaketa politikaren ondorioak irudikatzen zituztenak; auto birrinduak, adibidez. Eta mapak, 599 euskal preso politikoak urrunduta dauden 79 espetxeak kokatzeko. Euskal Herrian hamar lagun soilik daude; gehienak euren etxeetatik 800-900 kilometrora daude eta, ondorioz, gertukoek astebururo, bataz beste, 1.300 kilometro egin behar dituzte bisitatzeko. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez azaldu zuten sufrimendua: «Senide eta lagunak ondoan ez izateak eragiten digun hutsuneaz gain, bidaiek tentsio eta neke izugarria sortzen digute. Fisikoki eta psikologikoki izugarrizko ondorioak ditu». Batez beste, 377,94 euro gastatzen dituzte astebururo joan-etorrietan, eta hamasei lagunek galdu dute bizia errepidean.

Min horien harira, Angel Yuste Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiaren adierazpenak gogor kritikatu zituzten. Sakabanaketa senide eta lagunen ardura dela erran zuen honek, baina ez dela hala erantzun zuten Etxeratekoek: «Ezartzen zaigun behar bat da. Aldiz, honen ondorioz gerta dakigukeen edozein gertaera Yuste jaunaren erantzukizun zuzena da».

Kontxako barandilla ertzetik aitzinera egiten zuen giza kate luze-luzearen muturrean lagun batzuek gurutzatzen ziren pertsonei esku-orriak banatzen ziharduten. Kaskoekin korrika zihoan kirolariari, haur kotxearekin paseatzen ari zen aitari, toallaz jantzitako atzerritarrei... Gutxiengoa ziren papera hartzeari uko egiten ziotenak; gehienak irakurtzen hasten ziren eta egoera ezezaguna zutenak begira-begira gelditzen ziren.

Eskaileretatik behera oinetakoak kendu eta leporaino betetako hondartzan sartu ziren. Aulki banatan bizkarra emanez jarrita zegoen bikote helduak buelta eman zuen gertatzen ari zena ikusteko, biserarekin aurpegia estalita etzanda zegoen gizona altxatu egin zen jakinminez eta gurpil erraldoi bat haizatzen ari zen lagun taldeak lanari utzi zion.

Itzulerako bidea pasealekutik egin zuten, patata eta barkillo postutik eta pastel erraldoiaren ondotik igaroz, usain ederrarekin. Gondolin taulak helmugara iristen ari ziren, tartean saharar ume anitz. Tunoak pasatu ziren, koreografia bat dantzatu zuen talde batek... Sekulako giroa zegoen portuan eta Alde Zaharreko kaleetan barneratu zirenean.

«Konsti» plaza inguratuz bukatu zuten ekimena. Bertan adierazi zuten ezinbestekoa deritzotela jasaten dituzten eskubide urraketak senideek berek salatzeari. Bide horretan, bi deialdi egin zituzten: larunbatean, ikurrak zabalduko dituzte, eta abuztuaren 1ean elkarretaratzea eginen dute Loiolako santutegi ondoan.

Zeresana badutela aldarrikatu zuten, nahiz eta, kide batek azaldu bezala, «20 urte bisitak egiten daramatzanak, zoritxarrez, asteburu osoak bidaiatzen ematera ohitu eta galdetzen du: zer dut nik kontatzeko? Asko».

Trini Miranda aresoarra Jone Lozanoren ama da. 26 urte ditu Jonek, Lyonen dago eta, «jende hain idealista barruan egotearen injustiziatik aparte», alaba ikusteko astebururo 2.000 kilometro egin behar dituela kontatu zigun Trinik. Konbinazio txarra dago, Estatu frantsesa zeharkatu behar da, eta «lurrez, itsasoz eta hegan» iristen da. «Hilabetean bi aldiz Mirentxin furgonetan joaten naiz eta orduan lasaitu egiten naiz».

«Diruaren, osasunaren eta arriskuaren gainetik» joaten segituko duen arren, «injustua» dela nabarmendu zuen. Jendea animatu zuen presoak etxera ekartzeko. «Zor diegu».

Julio Guemes donostiarrak Itsaso arreba eta Jon Etxeberria lehengusua ditu kartzelan, lehena Alacanten eta bigarrena Estatu frantseseko Liancourten. Kontent zegoen Julio, arreba aurki aske geldituko delako. Halere, lehengusuarengana joan behar du eta Etxeraten jarraituko du, besteak beste Mirentxin furgoneten gidari gisa.

Uretatik, «presoak etxera»

Plentzian, errepresaliatuen aldeko aldarriak hondartzako paseoa hartu zuen, eta ez bakarrik hori, uretan ere mota guztietako ontziek itsasadarretik irten eta hondartzako ur zabalerainoko ibilbidea egin zuten lehorreko elkarretaratze ibiltariarekin batera.

Kanoek, kayakek, txalupek eta tamaina ezberdinetako itsasontziek erakusten zituzten presoen aldeko ikurrak. Batzuek pneumatiko handia ere erabili zuten mobilizazioan parte hartzeko, itsasontzi bati lotuta, aurrera egin ahal izateko. Eguerdi sargoria zela, inbidia piztu zuten oinez zihoazenen artean uretako mobilizazio zaratatsua osatzen zuten horiek. Koloretako bengalak ere pizten zituzten noizean behin publikoaren arreta deitzeko.

Igande eguzkitsuan leporaino zegoen hondartzan erditik igaro beharrean, Etxeratek deitutako elkarretaratzeak paseoa hartu zuen. Adin guztietako lagunek hartu zituzten euskal presoak etxeratzearen aldeko ikurra, senitartekoen argazkiak edota poster moduko kartelak. «Belaunaldi ezberdinetako senitarteek pairatu duten egoera» zioen kartel horietako batek, eta ondoan argazki bitan ama eta umearen joan-etorriko bidaia luzeak islatzen dituzten irudiak ikusi ahal ziren.

Uretan zein lehorrean, mobilizazioak pankarta handi bat erakutsi zuen, «senide izateagatik kondenatuak» leloa zuena. Areatzari begira, Vicenta Sola bilbotarrak bularrean daraman bere seme Igor Gonzalezen argazkia erakusten du. Eguzkitan zeuden milaka lagunen aurrean, «bere semea ez dela terrorista, herriaren alde borrokatu dela eta beren herrian egon behar duela» esan nahiko lieke guztiei.

Vicentaren ustez, jende askok ez du senitartekoen errealitatea ezagutzen, baina gero eta jende gehiagorengana heltzen ari da, eta horregatik kalean egon behar du giza eskubideen aldarriak. «Batzuek ezagutzen dute gure bizimodua, azken manifestazio jendetsuak ikustea besterik ez dago. Gero eta jende gehiago konturatzen da pairatzen dugun egoeraz, eta batez ere inguruan atxiloketa eta ondorengoa tokatu zaienean. Orduan hasten dira ikusten zertaz hitz egiten dugun sufrimendua aipatzen dugunean».

Semea Aranjuezen dauka orain. Horrek esan nahi du 900 kilometro inguru egiten dutela bisitatzeko astero. «Eta kartzelan dut erraina eta Eñaut txikia», esan zigun itsasoari begira. «Etxera ekar ditzatela, ekarri behar ditugu» adierazi zuen.

Santi Labeagak 1.800 kilometro inguru egin behar ditu bere seme Urko Labeaga Murtziako espetxean ikusteko. Areatzaren aurrean, ozen esan nahi zuen Gobernu frantsesak eta espainolak urratsik egiten ez duten bitartean presoen egoera okerrera doala. Azaldu nahiko lieke, bere iritziz PP eta indar politiko espainolen ondoan, EAJ «armen emateaz» baino arduratzen ez dela, eta jarrera horrekin «jokoa egiten» diela. «Eskubideen urraketak denboran luzatzen badira, sufrimendua ere areagotzen da muturretaraino», dio. Bere azalean bizi du estatuek inposatzen duten zigorren ondorioa, semeak hamabost urte eman baititu barruan kartzela urrunetan.

«Gustatuko litzaidake ulerraraztea presoak aske izatea eta iheslariak etxera itzultzea lehentasunak direla», azaldu zuen Begok. «Askok urrun ikusiko dute hori, baina ulertu behar dute herri honek aurrera jarraitzeko eta desiratzen dugun bakea lortzeko, oso garrantzitsua dela gutxieneko aldarrikapenekin bat egitea, eta hor daude sakabanaketak eragindako heriotzak, sufrimendua...», esan zuen. Hala ere, bizi den egoeraren berri emateko, elkarrizketa zuzena bezalakorik ez dagoela uste du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo