GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

josebe egia

Bat bera ere barkatu gabe

Batek pentsa lezake udako sargoriaren ondorioz burmuinek biguntze aldera jotzen dutela; alegia, pentsatzen eta esaten denaren arteko iragazkia desegin eta ahoetatik iritziak ohi baino azkarrago, eta gordinago, ateratzera egiten dutela. Bestela, pentsa lezake munduan arrazista, matxista, homofobo, xenofobo eta ergel ugari dagoela, besterik gabe.

Uste sinple horrek balio dezake azaltzeko hainbaten jokabide onartezin. Esaterako, BBC telebista-kate ezagunean, Wimbledongo tenis txapelketa ospetsuaren berri ematen ari zirela, esatarietako batek Marion Bartoli tenis jokalariaren inguruan botatakoa. Zerikusirik ez haren joko bikainarekin, haren sake indartsu edo aurkariari eusteko ahalmenarekin, edo erraketari eragiteko trebeziarekin. Milioika lagunek jarraitzen duten Wimbledongo tenis txapelketako egungo irabazlearen inguruan otu zitzaion bakarra izan zen «irabazle suertatuta ere, sekula ez dela izango bonboi bat», alegia, emakumea urrun dagoela eder, lirain eta erakargarria izatetik ( «gajoa» esatea falta zitzaion). Eta lasai asko geratu zen gizona. Hitz horien ondorioz 700 kexa formal baino gehiago jaso arte, eraman zituztenak BBCko zuzendaria eta esataria bera barkamena eskatu behar izatera. Behartuta egin dute, inola ere ez kontzientziak eskatuta. Hori gertatzen baita ustez errespetuzko eta berdintasunezko mundu honetan, azalekoa dela, hain zuzen, hauskor-hauskorra, eta edozein unetan kontura gaitezkeela emakumeon inguruan nolako irudiak diren nagusi eta nolako errespetu eta miresmen gutxi eskainia, izan kaleko edozein emakume arrunt, izan mundu mailako kirolari ezin hobea.

Britainia Handian, afera horren harira, harago joan dira hainbat politikari, beren lana eta ardura beteta. Kontua pasadizo bakantzat jota igarotzen utzi barik, kezka eta sumina agertu dute; batetik, BBCk ohikotasunez aipatzen omen dituelako emakumeak modu matxista eta mespretxuzkoan, eta, bestetik, oraindik etengabe babesten duelako sexismoa golfean, adibidez. Golf Open britainiarra, munduko entzutetsuenetako bat, kideen artean emakumeak onartzen ez dituen klub batean egiten da. Horiek ikusita, berdintasunarekin eta guztiz maskulino dirauen kirol munduan emakume atletei merezi duten lekua emateko, hedabideekin lanean ari dira, emakumez- koen kirolari trataera zabalago, egokiago eta gizonezkoenaren parekoago lortzeko, hedabideok konpromiso zehatzak hartzera bultzatuta.

Eta hori da, hain zuzen, mundu honek hobera egiteko behar duena: konpromiso eta ekintza zehatz gehiago eta barkamen eskaera faltsu gutxiago; pertsona guztiekin konprometituriko politikari zintzo gehiago eta euren lana zurikerian oinarritzen duten boterezale gutxiago. Injustiziarekiko bat bera ere barkatzen ez dutenak. Emakumeei zuzendutako irainak, batzuetan xaloak balira bezala, beste batzuetan zuzeneko biraoak, oso ohikoak direlako. Eta, oro har, lasai asko geratzen direlako. Eta horrek erantzun argi eta irmoa, eta ondorioak, eskatzen ditu. Herritarrengandik eta, batik bat, ardura publikoa duten guztiengandik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo