GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Urrats galduen bidetik, Eako poesia egunetan

p052_f01.jpg

GARA | EA

Poesiak epeltzen du urtero Ea uztailean. Eguraldia lagun, eta txingor ekaitz bortitza tarteko, hala izan da aurten ere. Jardunaldiak ostiralean ireki zituen Patxo Telleriak, «Euskararen izen poetikoak» antzezlanarekin, eta atzo itxi ziren, Oier Guillanen «Elkartasun basatia» poema errezitaldiarekin. Tartean, Josu Bergara (The Playful Ensemble hari laukotearekin) edo Eñaut Elorrieta musikariek ere parte hartu dute egitarauan, Fabiana Boer eta Lucien Etxezaharretak hitzaldi bana egin dute (azken honek «Poesia, mailu eta fereka» lelopean) eta, nola ez, makina bat poeta izan dira errezitatzen.

Eako poesia egunek beste kultura bateko poeta bat gonbidatzeko ohitura dute urtero, eta aurten Fabiana Boerren partaidetza izan dute. Orain gutxi Euskal Herriratu den latinamerikarra diziplina anitzeko artista da (poesia, musika eta antzerkia jorratzen ditu). Herenegun poesia irakurraldian parte hartu zuen Hedoi Etxartek, Rikardo Arregirekin batera (herriko gazte batek ere irakurri zituen poemak, eta Leandro Yakuk gitarra jo), Apikaleko etxe sorginduan eta trumoi hotsak lagun -sekulako txingor ekaitza izan zen gero-.

Aurretik hitzaldia emana zuen Boerrek. «Gizartearen eraldaketan arteak duen esku hartzeaz egin dut berba. Herri ekimenetan ikaragarri hazi da sorkuntza, eta gizartea aldatzeko tresna gisa baliagarria da: gogoetak bultzatzeko, kulturen berreskurapenerako». Artista latinoamerikarra berak «artibismo» deitzen duen horretaz dabil berbetan.

Earako gonbita jaso zuenean, «konturatu naiz oihartzuna duela ekimenak. Galeanok esaten zuen bezala: leku txikiak, kontu txikietan, gauza handiak». Behin jardunaldietan murgilduta, «izugarri ederra den parajeaz gain beren kulturarenganako grina ikaragarria duen jendea aurkitu dut. Eta hain mundu globalizatuan luxua da norbere kultura horrenbeste maite duen jendearekin bat egitea».

Zapatak

Poesia egunek ondo baliatzen dituzte Eako txoko miresgarriak, eta Boerrek aurkitu zuen kulturarako maitasun horren isla, larunbatean txango bat egin zen Burdinolara (Idoia Beratarbidek bidean zehar egindako instalazioak gidatua -gorriz margotutako harriz, kaioladun zuhaitzez eta paperezko txalupa txikiz-). Behin burdinolan, Ainhoa Alberdik «Zapatak» antzeztu zuen -Jurdana Otxoa arrabitan zela-, Joxemari Carrerek egokitutako testua.

«Eako kultura taldeak urtetxoak daramatza Burdinolarako bidea berreskuratzen», azaldu du antolakuntzako Asun Landak. «Ikerketak egin eta Erdi Arokoa dela jakin izan dugu, eta indusketetan makina bat objektu agertu dira, tartean eskuz egindako larruzko zapata tontor zoragarria».

Eta aurkikuntza ideia poetiko bihurtuta, «natura eta herri xumea integratuta, ibilbidearekin historian zehar bide horretatik etorri den jendeari gorazarre egin nahi izan diogu, gure oroimenean kokatu; gu baikara orain haien urratsak zapaltzen ditugunak!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo