Ariane Kamio Kazetaria
Aurreikuspen madarikatuak
Oporretan nagoela egokitu zait zutabe hau idaztea. Ez da, beraz, atzo ondutakoa. Egun batzuk igaro dira lerro hauek idatzi ditudanetik. Zaila da, gero, egun batzuen aurreikuspenaz zerbait idaztea, baina... saiatuko naiz, saiatu bederen.
Hasiko naiz, bada. Haserre nago sartzen dizkiguten ziri mordoekin. Ez naiz diruaz ari, edota bankuetako hipotekez, edo gasolinaren garestitzeaz, edo bidesarien ezartzeaz, edo gaueko eulien etengabeko joan-etorriaz. Ziri mediatikoez ari naiz. Azkena, eta ikusi dudanez, gizabanakoa asko -larregi agian- kezkatzen duen afera, eguraldiarena izan da. Zenbat denbora igaro da aurtengoan udarik egingo ez zuela zioten sasi-meteorologoek ziria sartu zigutenetik? Larunbata da, arratsaldeko 19.05 ordularian, eta bero sapa itzela dago kanpoan. Zerua urdin eta asteburuetan lanik egiten ez duen jendea hondartzan da, edo etxeko itzal freskoaren patxada ederrean, edo mendian, edo dena delako tokian.
Izan ere, izan al da inoiz berorik edo eguzkirik gabeko udarik Euskal Herrian? Nik gogoratzen dudan apurrean bederen, egun sargoriak, zamatsuak, dira nagusi gure udetan. Pisutsuak eta hezeak, kamiseta azalean itsasten duen halako beroa. Ez naiz batere udazalea. Nahiago negua, berokia eta bufanda. Etxeko epela eta maindire arteko bero eskertua.
Alerta piztu zitzaigun, ordea, halakorik gertatuko ez zela behin eta berriro iragartzen zigutenean. Maletak egin eta nora joan pentsatzen hasi ginen presak jota. Kanariar uharteak? Madeira? Hego Amerika? Andaluzia? Nafarroara behintzat!
Alferrik. Poltsikora begiratu eta zentimorik ez. Hala, egoeraz ohartuta, pentsatzen hasia naiz aurreikuspen ilun horiek maletak egin gabe uda herrian pasako dugunon lasaitasunerako ez ote ziren iragarri, uda freskoagoa pasako genuelakoan-edo. Ez naiz udaren maitale eta eskertuko nuke halako bero sapak Ebrotik behera geratuko balira, baina badirudi ez dela horrelakorik gertatuko. Gaurkoan eguna urdin esnatzea espero dut, besteen aurreikuspenak kritikatu eta nireekin hanka sartzeko arriskuan ikusten baitut neure burua. Help! [@arianekamio]