Maritxu Goikoetxea, Xabi Otxoa de Alda | SOS Iruña-Veleia
Iruña-Veleiako indusketak geldi ditzagun
Duela aste batzuk Iciar Lamarain Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak eta Julio Nuñez oraingo aztarnategi zuzendariak beste indusketa kanpaina bat hasiko zela iragarri zuten.
Gizarteari gogorarazi nahi diogu, eta bereziki Arabako Foru Aldundiari eta Euskal Herriko Unibertsitateari, Julio Nuñezek 2010ean hondeamakina handi batez ekin ziola «Iruña-Veleiako aro berriari» eta haren bidez arkeologia aldetik emankorrak ziren 8.000 metro koadro suntsitu zituela. Mundu guztia da honen jakitun, gertakizunaren berri ematen duten bideoak eta argazkiak zabaldu baitira Internetez. Gainera, diputatuak informazio zuzena eta pertsonala jaso zuen gaiaz 2011n, SOS Iruña-Veleiarekin izandako bilera batean.
Egindako kalteak ukaezinak bezain konponezinak dira, eta horien azken erantzuleak, Arabako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea, lehena txikizioa ordaindu eta babesteagatik eta bigarrena egiteagatik.
Auzia are larriagoa da kontuan hartzen bada oraindik ez dela auzitan jarritako grafitoen faltsutasuna frogatu, haien lagin bat Madrileko laborategi batean dagoela analizatzen, eta fiskalaren eta epailearen aldetik ez dagoela inolako akusaziorik lehengo indusketa taldearen, Lurmen-eko kideen, aurka.
Esandakoagatik, egiten ari diren indusketak bertan behera uzteko exijitzen dugu.