UDATE
Askatasuna ez da eskubide
Jon GARMENDIA Idazlea
Izugarria da Frantzia. Izuaren zentzuan. Kanpotik beha, askatasun anitzen eredu gisa ikusia da, baina errealitatetik urrun da ikuspuntu hori. Aurrerakoi irudia du, baina atzerakoia da oso, bai behintzat eskubide kolektiboen lorpenei dagokionez. Le Pays des droits de l´Homme, hala deitu izan dio bere buruari aspaldidanik, eta agian arrazoi du esamoldeak, gizonaren eskubideek badutelako distira hexagonoan zehar. Baina ez emakumeenek. Bueno, gizonenek badute, baldin ez bazara magrebtarra, euskalduna edo homosexuala. Ulertzen da. 75 urte betetzen dira aurten emakumearen inkapazitate zibilari amaiera eman zitzaionetik, 1938ra arte emakumeak ez zuen estatutu juridikorik, abere baten kontsiderazio bera zuen, eta senarraren agintepean zegoen, 1944an lortu zuten bozkatzeko eskubidea, eta baita hauteskundeetan parte hartzekoa ere. 1965ean senarrak emaztearen ondasunak kudeatzeko zeukan eskubidea ezabatu zen, eta bost urte berantago lortu zuen emakumeak bere sabeletik sortutakoen aitzinean eskubide bera ukaitea. Bestalde, oraintsu onartu da sexu berekoei ezkontzeko parada eskaintzen dien legea, eta ez zalaparta gutirekin. Arrangoitzeko alkatea hizpide izan da azken garaiotan, berak ez du errespetatu nahi izan lege hori. Azkenean, hautetsi batek ezkondu ditu Guy Martineau-Espel eta Jean-Michel Martin, eta hauek, frantses hiztunak izanik, euskarazko hitz batzuekin eskertu dute inguru euskaldunetik jaso duten babesa. Paradoxa da operetaren errege deitzen zutena, Luis Mariano, Arrangoitzeko hilerrian ehortzia izatea. Homosexuala eta gorria zen hura. Alkateari horrek ez dio axola, agian, turistak erakartzen dituelako. Edo hilik dagoelako bestela.