GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

jon urruxulegi | Idazlea

Abuztuaren 31 eta matxismoa

1813ko abuztuaren 31n hasi zen sarraskia. Eta ez zen izan beroaldi batek eragindakoa. Castaños eta Alava Espainiaren Armadako jeneralek bazekiten zerk gertatu behar zuen, aginduak eurek emanak baitziren. Soldaduek hiria arpilatzeari ekin zioten. Eta sarraskiaren gorena emakumezkoen kontrako erasoek jo zuten. Etxe barruetara sartu, lapurtu eta adin guztietako emakumeak, neskatxak zein adin handikoak bortxatu zituzten behin eta berriz. Jasotako testigantzak higuingarriak dira. Historia unibertsalean emakumearen aurkako bortizkeriak era guztietakoak eta ezin sinetsizkoak izan dira.

Eta gure Euskal Herriak ere badu oraindik zer aldaturik, nahiz eta, egia esateko, azken hamarkadetan asko aurreratu. Gotzon Garateren «Atsotitzak» liburuak 14.458 euskal atsotitz jasotzen ditu, gure tradizioaren erreferentzia emanez. Bertan aztarrika egiten badugu, ikus dezakegu gure tradizioa ere uste izatekoaren oso azpitik garatu dela emakumearekiko. Badirudi askorentzat emakumea ez dela serio kontsideratua izan («emakumea eta gezurra egun berean jaio ziren»), plazer produktu huts kontsideratua ere izan dela («gerritik behera ez da emakume zaharrik»), inteligentzia ere ukatu izan zaiola («emakumeak ilea sobran eta garunak faltan»). 1813tik hona asko aurreratu dugu, baina ez ahal ditugu beste 200 urte beharko gure androzentrismoa behingoz baztertu eta gizon-emakumeen eskubideen benetako berdintasuna aldarrikatu eta lortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo