GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Iñaki Pujana

Deslokalizazioari ez. Incoesa ez itxi

Incoesako langile ohi batek Higinio Artetari, Bediako enpresa horren presidente eta arduradun nagusiari.

Harro zaude arratiar izateaz? Ezetz esango nuke. Zonalde honetako etorkizun onenetarikoa duen enpresa zarratzen eta deslokalitzatzen ari zara. Langileei eskainitakoa: soldata %40 jaitsi eta lanean Extremadurara bidaltzea. Ez duzu merezi orain dela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak emandako saria. Langileek Arratian lan egin eta bizi nahi dute, euren inguruan, etxekoengandik hurbilean. Badakite, esperientzia handia dutelako, Incoesa bideragarria dela, sektore honetan lana badagoelako.

Hau guztia aurreko gerentzia batek eta haren taldeak baieztatu zuten, eta horrexegatik kanporatu zenituen. Haien ordez, ezgauza eta lotsabakoz inguratu zinen. Horiek zure poltsikoak eta, bide batez, berenak bete dituzte. Zeuk daukazu horren erantzukizuna.

Aukera aprobetxatuz, belarrietatik tirakada bat eskirolei. Badakigu nortzuk diren.

Orain bi eskari konkretu egin nahi nituzke.

Eusko Legebiltzarrari, Batzar Nagusiei eta Bizkaiko Aldundiari: utzi hitz politak eta pasatu ekintzetara.

Arratiako jendeari, eta batez ere gazteei: adi egon mobilizazioei eta hartu parte ahal duzuen guztietan. Borrokak zerikusi handia du gure seme-alaben etorkizunarekin. Azkenik, besarkada handi bat nire lankide ohi guztiei aurrera daramaten borroka eredugarriagatik. Denon artean lortuko dugu.

Gora langileen borroka. Incoesa aurrera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo