GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Munduaren bukaeratik munduaren bukaerara

 

Atzo Ametsek esaten zuen pena ematen ziola Galizia uztea. Eta uste dut ez dela sentimendu hori izango duen Vuelta honetako kide bakarra. Berak aipatu zuen bezala, jaki eta paraje ederrak izateaz gain, ikaragarri atsegin ditudan galiziarrak bizi dira bertan. Jende umila eta langilea inondik ere, gertukoa, konfiantza ematen duten horietakoa. Baina aste zoragarri bat pasa eta gero, bagoaz mariskorik onena dagoen lekutik urdaiazpiko onenak dituen Guijuelora.

Etapa gorabeheratsuak atzean utzi, eta etapa lauek, saihetseko haizeak ekarri ohi duen tentsioa ekartzen digu pelotoira. Hala ere, etapa hauetan, «atseden» pixka bat hartzen joan behar dugu, asteburuan datorrena markakoa delako. Gaurkoa esan daiteke estres eta tentsio gutxiko etapa izan dela, eta indar pixka bat aurrezteko beta izan dugula.

Cacereseko helmugan, Tony Martin irabazteko zorian zela, Fabianek haren bila erasora egin du. Erdi brometan, ia beraien artean munduko txapelketarako duten gerra psikologikorako egin ote duen galdetu diogu, baina azkenean, azken unean beste bi txirrindulari aurretik izan dituen arren, 3. izatea lortu du.

Galizia eta iparraldea atzean utzita, ikusten da parajea, jendea eta txirrindularitza kultura ere aldatzen hasten dela. Haimarri, helmugara iritsi eta betaurrekoak eskatu dionik bada, baina «xalauena», busera gerturatu eta honako hau esan didana izan da: «Aupa Markel. Honako hau (izena ez dut esango bestela.. ) ezagutzen al duzu?». Eta nik: «Bai». «Bale, ba orduan emango didazu bidoi bat ezta?», erantzun dit berak.

Hala ere, bidoi, txapel ala bestelakoak eskatzera gerturatzen diren guztiei, eman ezin diogun arren, batzuen pikareskak grazia egiten digu. Ba horrela, egindako aste onak ematen duen pozarekin, eta egunean zehar gertatu diren gauzak kontatzeari ekiten diogularik, bagoaz gure busean hurrengo hotelera.

Etzi arte, ondo izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo