GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sartze politikoa prestatzeko udako unibertsitatea abiatu du EH Baik Arbonan

Mugimenduaren egituraketa, hurrengo europar hauteskundeak eta martxoko herriko bozak dira Euskal Herria Baik antolatu hiru eguneko udako unibertsitatean eztabaidagai jarri dituen gaiak. Atzo hasi zen hitzordu politiko horrekin sartze politikoa prestatu nahi du.

p015_f01.jpg

Ainize BUTRON |

Ondoko hilabeteetako erronkei aurre egiteko Euskal Herria Bai mugimenduak hitzordu politiko «garrantzitsua» jarri die mugimendua osatzen duten hiru alderdietako (AB, Sortu eta EA) militanteei; hots, Arbonan antolatu duen udako unibertsitatea.

EH Bai hiru alderdien arteko «esparru politiko komuna» bilakatzea erabaki zenetik sei hilabete igaro dira, eta beraz, atzo abiatu zen udako unibertsitatearen lehen egunean, «EH Bai egituraketa eta ibilmoldea» gaia gogoetatzeko baliatu zuten. Lantalde bat ibilmolde hori zer nolakoa izan daitekeen zehazteko lanean aritu da azken hilabeteotan. Arratsaldean, landutako proposamenen berri eman zieten militanteei, guztiek batera horien gainean eztabaidatzeko.

Horrenbestez, Peio Etxeberri-Aintxart bozeramaileak argi utzi zuen udako unibertsitate horretan ez zela erabakirik hartuko. Izan ere, erabakiak udazkenean zehar mugimendua osatzen duten hiru alderdi politikoek eginen dituzten biltzar nagusietan hartuko dira.

Udako unibertsitatea «gogoetarako saioa» dela nabarmendu zuen bozeramaileak. «Xedea, proposamen konkretuekin bukatzea da», zehaztu zuen.

Horiek horrela, jardunaldi hauetan jorratuko diren gaiak mamitsuak dira. Gaur, hurrengo urtean izango diren Europako hauteskundeak izango dituzte hizpide, eta, bihar, berriz, herriko bozentzat sortutako Bil Gaiten plataformaren bidez, udal hauteskundeen inguruan eztabaidatuko dute. «Mugimendu ezkertiar eta abertzalearentzat herriko bozak erronka nagusi bat dira», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Herri hauteskundeei dagokienez, besteak beste, EH Bairen proiektuarekin bat egiten duten hautetsi guztiek izenpetu beharko duten agiriaren gainean eztabaidatuko dute. Agiri horren xedea, izan ere, hautetsi abertzaleen artean «ahalik eta kohesio maila handiena» lortzea da.

Elkar ezagutza

Euskal Herria Baik, sortu zenetik, militanteei ematen dien lehen hitzordu politikoa da, beraz, udako unibertsitatea. Alta, jorratuko diren gaiek duten garrantzi politikotik kanpo, eztabaidagune horrek bigarren helburu bat ere badu: EH Bai osatzen duten hiru alderdi politikoetako militanteen elkargune bat sortzea.

«Alderdi politikoetatik kanpo, batzen gaituen oinarri komun horretan militanteek elkar ezagutzen eta elkarrekin lan egiten ikas dezaten nahi dugu», bukatu zuen Etxeberri-Aintxart bozeramaileak.

Europarrak

Europako hauteskundeak 2014ko maiatzean izanen dira. Euskal Herriko egungo erronkak kontuan harturik, mugimendu abertzaleak parte hartzeko dituen aukeren gainean eztabaidatzen hasiko dira gaur.

Desobedientzia

Lurralde kolektibitatearen, bake prozesuaren, euskararen ezagutzaren edo lurraren eta etxebizitzaren arloko borroketan «indar harreman berri bat nola sor» daitekeen gogoetatuko dute, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo