GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Zorionaren unibertsoa

Jon GARMENDIA | Idazlea

Ez dakizu ipuinaren zein ataletan gelditu zinen zu, baina oraindik zorionaren esperoan jarraitzen duzu. Hala kontatu zizuten, zoriontsu izateko sortu zinela. Eta zuk, ezin duzu jakin zoriona nork asmatu zuen. Igual, hitzaren jatorria bilatu ahal duzulako, baina ez bere erranahia. Ez behintzat zer den zoriona zuretzat. Eta ezta besteentzat ere. Maitasunarekin berdin gertatzen dela pentsatzen duzu, zuk maitatzeko manera bat duzulako, eta besteek, bestea. Zoriontsu sentitzen zara ostatu bateko terrazan haizeak bisaia freskatzen dizunean, hatzak egunkariko orriei itsatsi, eta kafe baten konpainian. Eta orduan behatzen diozu jendeari, karrikan harat-honat dabilenari, haientzat zorionak zer erran nahi ote duen pentsatuaz. Zatika bizitzen delako zoriona, hala uste duzu, eta mementoko zerbait dela, ez behintzat iraunkorki sentitzen den zerbait. Gaur itsas kaioen hegaldia ikusiaz senti zenezake, eta atzo, ohean etzan eta sabaiari beha. Bihar, ikusiko da. Eta une labur horietan biltzen dira beste une luze anitz. Zati horiekin guztiekin, agian, oso bat eginen duzu egunen batean, eta hura hurbilduko da besteen zorionaren parera. Baina soilik agian. Horregatik maite duzu galdegitea lagunei zerk egiten dituen zoriontsu, eta ez zoriontsu ote diren. Kontzeptu unibertsal baten ordez, unibertso osoak desberdin sentitzen duen hitz berdina nola sortu ote den filosofatzen galduta. Baina zuri, zori onak zori hobea ekar dakizula desiratzen dizut. Zu zoriontsu senti zaitezen, maite zaitugun horien guztien zoriona beharrezkoa dela jakinda. Agian hori, posible delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo