GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Martin Elexpuru Idazlea

Siriarrak eta gu

Estatu Batuen jukutria makabro baten itxura guztia du, irudimen gutxikoa (Irakeko eskema errepikatzen da) baina ezinbestekoa inbasioa justifikatzeko

Memoria ahula da, baina 2003a ez dago hain urruti. Mundu guztiko kaleak jendez bete ziren Irakeko inbasioaren kontra protestatzeko. Gogoan dut Gasteizen izan ginela eta bertakoak harri eta zur zeudela hainbeste jende ikusita; asko eta asko beren bizitzan lehenengoz manifestatzen ziren (eta agian azkenekoz). Ez ezkerra bakarrik, bere burua aurrerakoitzat zuen jende asko agertu zen gerraren kontra modu batera edo bestera. Irak inbaditzean denok sentitu ginen inbadituak.

Orduan ere aitzaki nagusiak berdintsuak ziren: Iraken ez zegoen demokraziarik, Saddam oso gaiztoa zen eta arma kimikoak zituen. Harrezkerokoa badakigu. Bakarrik gogoratu Estatu Batuek eta bere aliatuek lortu zituztela beren helburu nagusiak: petrolioaren kontrola eta geoestrategiaren xake-taulan ondo kokatzea, Ekialde Hurbilaren erdian eta Iranen atarian. Eta irakiarrak kaosean eta miserian murgilduta daudela, Saddamen garaian baino mila aldiz okerrago. Ematen du kurduak bakarrik irten direla irabazten, txiripazko «albo-mesede» horietako bategatik.

2011an Libiaren txanda izan zen. Irakeko eta Libiako kasuak ezberdinak dira, jakina, baina badute antza: diktadorea kendu eta demokrazia ezarri behar zen han ere, eta bide batez gasa eta petrolioa eskuratu. Urtebete lehenago Sarkozy, Berlusconi, Bush eta enparauen laguna izandako Gaddafi suntsitu egin behar zen.

2011ko otsailaren 21eko hedabideek, «gureek» barne, titular handietan zioten Libiako abiazioak Gaddafiren aurkako manifestariak bonbardatu zituela Tripolin, 250 hildako eraginez. Erasoari ekiteko txupinazoa. Gero jakin zen notizia faltsua zela. Bideo-muntaiak eta asmatutako notiziak armarik eraginkor eta erabilienak bihurtu dira gerra estrategen eskuetan. Berri-agentzien tiraniatik aldentzea ez da erraza, baina zuhurtasun eta usaimen gehixeago ere eska dakieke kazetariei.

Europako ezkerreko zenbait sektore Libiaren aurkako erasoaren alde agertu zen. Gehiengo zabala, itsu eta mutu. Zer dela eta jarrera aldaketa hori? Hain ezberdinak al ziren Saddam eta Gaddafi? Hain txarra al zen Bush eta hain ona Obama? Zein anestesia mota txertatu digute bitartean?

NATOren bonbardaketei esker Libia hartu zuten «matxinoek». Gaddafi txakur bat bezala akabatu eta demokrazia ezarri zuten. Multinazionalen esku geratu da petrolioa eta gasa. Nola dago egun Libia? Alferrik irakurriko dituzu egunkariak eta ikusiko telebistak. Hedabideek aspaldi itzali zuten argia. Baina Internetetik buelta bat ematea aski dugu herrialdea txikituta utzi dutela eta libiarren bizi-maila lur-jota geratu dela ikusteko.

Al Assadek arma kimikoak erabili ei ditu Siriako herritarren aurka, eta horrekin marra gorri guztiak zeharkatu ei ditu. Batetik, hain inozoa ote da Al Assad arma kimikoak erabiltzeko, noiz eta Nazio Batuetako ikuskariak bidean daudenean eta foku guztiak begira dituenean? Estatu Batuen jukutria makabro baten itxura guztia du, irudimen gutxikoa (Irakeko eskema errepikatzen da) baina ezinbestekoa inbasioa justifikatzeko. Bestetik, eurek dronak, misilak, napalm edo korda bonbak, eta baita nuklearrak ere komeni denean, erabiltzen dituzte, eta milaka pertsona garbitu, baina besteek arma kimikoak erabiliz gero, anatema! Hipokresiak ez du mugarik, Bakearen Nobel Saria jasotako Obama Martin Luther King-en miresle sutsu agertzen da goizean, arratsaldean Siria erasoko duela iragartzen du, eta iluntzean dronen bidez lurralde urrunetan egingo dituzten hilketak sinatzen ditu.

Sarri elkartzen gara duela bost edo sei urte Sirian bisitan ibili zen lagun batekin. Liluratuta etorri zen herrialdearekin eta jendearekin. Negarra irteten zaio gaurko egoera ikusita, ezin sinetsirik. Gauza jakina da Al Assad eta bere partidua ez direla santuak, izugarrikeria handiak egin dituztela, baina ez munduko eta eskualdeko beste agintari gehienak baino gehiago. Eta garbi dago siriarren gehiengo zabalaren babesa duela; bestela ez zion botereari hainbeste denbora eutsiko. Zenbait inkestaren arabera (beti zalantzan jarri beharrekoak), herritarren %70aren babesa zuen, eta du. Bestalde, aditu gehienen ustez, Irak, Libia eta Siria ziren erasoen aurretik herrialde arabiarretan laikoenak, aurreratuenak (hezkuntza eta osasun arloan batez ere) eta aberastasuna ondoen banatuta zutenak. Hirurak kaosera eraman ditu mendebaldeak, azken biak ezkerraren eta indar ustez aurrerakoien baimenarekin.

Oso anitza da Al Assaden aurkako «koalizioa». Barne-oposizioa ia anedoktiko bihurtu da bertan. Borrokako lehen lerroan hiltzen ari diren asko eta asko mertzenarioak eta Al-Qaedako yihadistak dira, atzerritarrak gehienak. Arma sofistikatuak eta entrenamendua ematen dietenak, berriz, Saudi Arabia, munduko estaturik atzerakoiena, eta Qatar, Estatu Batuen morroi aberats-berria. Israel ere ez dabil urruti. Baina Estatu Batuek mugitzen dituzte hariak eta eurena da hitza eta erabakia. Obamaren eta Bin Ladenen jarraitzaileak eskutik oratuta. Lehenek trajea kendu gabe egiten dute gerra urrutitik, bigarrenek isurtzen dute odola.

Irakekoa gertatu zenean kalera irten eta oihu eginez gure kontzientziak apur bat lasaitu genituen. Libiakoan etxean geratu ginen. Oraingo honetan ez al digute deituko erakunde sozial eta politikoek manifestatzera, «gureek», besterik ezean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo