GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zerga sistema bidezkoa, krisi egoeran eta beti

EAJren eta PSEren ordezkariek azken egunotan adierazitakoaren arabera, bi alderdien arteko itun fiskala, batzar nagusiek onartu beharko dutena, azkentzen ari dira. Hala ere, horrelako itun baten helburuak ez luke ituna lortzea bera izan behar, baizik eta zerga sistema bidezkoagoa ezartzea, alegia, herritar guztien beharrak aintzat hartzen dituena. Bestetik, indar politiko guztiak eta oro har gizarte osoaren parte-hartzea bilatu beharko luke. Zentzu horretan, guztiz lekuz kanpo daude norbait baztertzeko helburua duten itunen proposamenak, oraindik orain Leopoldo Barreda PPren bozeramaileak egindakoa bezala.

Helburua, beraz, zerga sistema bidezkoa ezartzea da, eta ez orain, krisi egoerak eskatzen duenean, bakarrik; zerga politikak beti, egoera guztietan, izan behar baitu bidezkoa. Egoera guztietan eta interes alderdikoietatik kanpo, truke politikotik kanpo. Gizarte batean fiskalitatea oso kontu serioa da edozein egoeratan, serioegia politikakeriatan nahasteko. Herritar guztientzako zerbitzuak ahalbidetzeko, guztiak aintzat hartuta kudeatu beharra dago haien dirua, alderdi baten edo bestearen interesen eta joko politikoaren araberako jokaerarik gabe. Akordioak ahalik eta zabalenak izatea bilatu behar da, jakina, eta jendearen eguneroko bizitza bertatik bertara ezagutzen duten gizarte eragileek ere badute zeresana arlo horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo