Kontxako hondartza errauste plantari ezetz esateko agertokia izango da
Azken hamar urteetan egin den moduan, Zubietako proiektua behin betiko baztertu dadin eskatzeko, igandean Kontxako hondartzan giza katea osatzera deitu dute. Errauste plantaren aurkako plataformen koordinakundeak erakundeei beste hainbeste egiteko eskatu die.
GARA | DONOSTIA
Errauste plantaren aurkako Gipuzkoako plataformen koordinakundeak hamargarren urtez giza katea osatzera deitu du datorren igandean Donostiako Kontxako hondartzan, Kontxako Bandera eskuratzeko bigarren estropadekin bat etorriz.
Azken urtean egindako urratsak «garrantzitsuak« izan direla iritzita, Juanmi Galatas eta Maria Luisa Sanchez koordinakundeko bozeramaileek Gipuzkoako hainbat herritan atez atekoarekin egiten ari diren lana nabarmendu zuten, baita zero zabor politika oinarri hartuta beste udalerri askok hondakinak kudeatzeko hartu duten bidea ere. Bi kasuetan hondakinen %75 gaika biltzea lortzen dela esan zuten.
Poza ere azaldu dute udalerri batzuetan lortu diren «adostasun zabalengatik. Izan ere, hauetan, epe motzean, hondakinen %60a gaika biltzea aurreikusten dute».
Instantzia guztiei deia
Koordinakundeko bozeramaileek hizpide izan zuten GHK-k orain aste batzuk Zubietako errauste plantaren lanak eteteko hartutako erabakia ere. «Ilusioz» jaso zuten albistea.
Beraien hitzetan, «eman beharreko pauso garrantzitsua» zen hori, baina onartu zuten ez dela «behin betikoa», proiektuaren alde dauden alderdiek, EAJ, PSE eta PP, «tematuta jarraitzen baitute eraikia izan dadin».
Egoera honen aurrean «instantzia guztiei» dei egin zieten Sanchezek eta Galatasek, Batzar Nagusiak barne, «behin betiko» ahaztu dezaten Zubietako proiektua, euren ustez instalazio «garesti, kutsakor eta zaharkitua» baita.
Errauste plantaren proiektuari ezezkoa emateko giza katea igandean izango da, Kontxako hondartzan, 11.30ean.
Atez atezkoa nahiz zero zabor politikak martxan dituzten udalerriak zoriondu zituzten atzo. Halaber, hainbat Udaletan ildo horretan lortzen ari diren adostasun zabalak ere goraipatu zituzten.