GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Gaizki hasi dugu eguna baina...

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Gaurko egunak ez zuen itxura ona. Jaengo tren geltokiko hostal kaskar batean egin dugu lo. Eta geltokian esaten dudanean, trenak hostal azpitik pasatzen zirela esan nahi dut. Goizeko seietako trena iritsi eta megafoniatik deitu dutenean, mala letxe puntu batekin esnatu eta gosaldu eta gero etapari ekin diogu.

Neutralizatuta etapa hasieran gindoazela, «Kise», Busche eta Haimar erori zaizkigu, eta Tourrean gertatu bezala, eroriko batek, Haimarri sailkapen nagusian zerbait egiteko aukera zapuztu dio. Normalean, gaizki hasten dena gaizki joan ohi da, baina gaurkoan guztiz kontrakoa pasa da.

«Aze»-k Haimarrekin geratzeko agindu dit, eta «Cance»-k berebiziko lana egin eta gero, atzo McDonalseko hanburgesak eta patata erreak afaldu zituen «txikito»-k etapa eta maillot gorria eskuratu ditu.

Orain atseden eguna eta erlojupekoa datozela, lasai-lasai hartuko dugunez, bi atseden egun bezalakoak izango dira, eta gure liderraren defentsan indarrak xahutzeko ahal den guztia errekuperatzen saiatuko gara.

Bukatu aurretik, nire lagun eta entrenamendukide den Ivan Velasco erori dela esan berri didatela-eta, orain arte neukan zapore gozoa gazitu egin zait. Badirudi femurrean zerbait izan dezakeela, baina espero dut ospitalean probak egin eta gero hasieran ematen duen larria baino gutxiago izatea.

Besarkada bero bat eta animo guztiak horrenbeste kilometro zurekin batera egin dituen kontakatiluaren partez, eta espero dut asteazkeneko irteeran ikusteko moduan egotea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo