GARA > Idatzia > Kultura

Hortzmuga, Ertza eta Cielo Raso euskal konpainiak Tarregako Kaleko Antzerki Azokan izango dira

Euskal arte eszenikoak ere ordezkaritza izango du Tarregan (Lleida) ospatzen den eta nazioarteko maila duen azoka honetan. 50 taldek hartuko dute parte guztira, eta herrialde gonbidatua Mexiko izango da.

p038_f01_2.jpg

GARA | DONOSTIA

Ostegunean hasiko da Fira Tarrega Kaleko Antzerki Azoka eta igandera arte iraungo du. Bertan parte hartuko duten konpainia gehienak kataluniarrak badira ere, estatu espainoleko zein munduko txoko desberdinetatik etorritako taldeak arituko dira. Horien artean hiru euskal taldek hartuko dute parte, Hortzmuga, Ertza eta Cielo Raso.

Lehenak boterearen, politikaren eta komunikabideen arteko harremanei buruzko hausnarketa bat proposatuko du «yo estuve allí y... no lo contaron como yo lo vi» ikuskizunean. Ertzak, aldiz, dantza emanaldia eskainiko du «4X4» lanarekin, aurretik Leioako Umore Azokan ikusi ahal izan genuena. Azken taldeak «Carnaval» aurkeztuko du, Igor Calonge, Daniel Abreu eta Dacil Gonzalez dantzariak elkarrekin ikusteko aukera paregabea.

Konpainia hauek Tarregara joateko aukera dute Lakuako Gobernuak Firarekin duen harremanari esker, duela 18 urte Euskal Teatroak ekimena martxan jarri baitzuen nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan euskal taldeen presentzia bermatzeko. Honelako aukerei esker, euskal konpainiek kontaktuak egiten dituzte.

Mexikotik Kataluniara

Aurtengo herrialde gonbidatua Mexiko da, eta horregatik bertako puntako talde ugari joango dira Tarregara. Horietatik bost sail ofizialean lehiatuko dira Moritz saria eskuratzeko (azoka amaitzean estreinaldirik onenari ematen dioten saria). Hala, bertan izango dira Linea de Sombra, Ciertos Habitantes, Vaca 35, La Maquina de Esquilo eta Mexikoko Antzerki Konpainia Nazionala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo