Musika eta poemak batera datoz Donostiako Poesia Orduetan, gaur eta bihar
GARA | DONOSTIA
Donostiako Poesia Orduak gaur hasiko dira Victoria Eugenia antzokian, hirian urtero antolatzen diren Euskal Jaien barnean euskal kultura sustatzeko bidean.
Euskal Jaien aurkezpenean aipatu zutenez, aurten Poesia Orduek garrantzi berezia izango dute. Lehenengo saioa gaur izango da antzokiaren Klub aretoan, 20.00etatik aurrera. Bertan, Anjel Lertxundi idazlea eta Antton Valverde abeslaria elkarrekin arituko dira. Azken honek Jose Maria Agirre Xabier Lizardi-ren, Esteban Urkiaga Lauaxeta-ren eta Xabier Leteren hainbat olerki musikatu ditu, eta horregatik gaur arratsaldeko ikuskizunean horien hitzak errezitatuko dituzte. «3Lak, Lizardi, Lauaxeta eta Lete» zuzenean grabatuko dute eta abenduan izango den Durangoko Azokarako diskoa kaleratuko dute Pamiela argitaletxearekin.
Bihar, berriz, Tenpora taldearen estreinaldia izango da. Lehen aldiz taulara igoko dira errezitaldi poetiko bat eskaintzeko. Bertan izango dira Hasier Oleaga baterian, Juantxo Zeberio teklatuan, Itsaso Etxebeste baxuan, Beñat Barandiaran gitarran eta Elene Arandia abesten. Hitzak Harkaitz Canoren eta Karlos Linazisororen poesiak izango dira. Hitza eta musika uztartzen dituen ikuskizun hau ere zuzenean grabatuko dute.
Donostia Kulturaren, Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Idazleen Elkartearen artean antolatutako ekitaldiotarako sarrera doakoa da, baina lekua mugatua da. Gonbidapena behar da, eta Victoria Eugeniako txarteldegian lortu ahal dira egunean bertan, 17.00etatik aurrera.