Crystal Fighters eta Dinosaur Jr, jolas parkeko izar nagusi
Ostiral eta larunbat honetan ospatuko da Kutxa Kultur Festibalaren bigarren edizioa. Igeldoko jolas parkean, nazioarteko talde esanguratsuez gain, bertako taldeek ere izango dute tokia. Crystal Fighters eta Dinosaur Jr kartelburuekin batera izango dira Delorean, Belako, Built to Spill, Junip, Crocodiles, Audience, William Tyler, Damien Jurado, Napoka Iria...
Ane ARRUTI | IGELDO
Haur eta gurasoez gain, gazteak Igeldoko jolas parkera erakartzea lortu zuen iazko Kutxa Kultur Festibalak eta aurten ere xede berdina dute antolatzaileek. Paraje paregabean, bi egunetarako kartel dotorea prestatu dute musika independentearen jaialdi honetarako. Salgai jarri dituzten 11.000 sarreretatik 7.000 salduta daude dagoeneko, «garai honetarako iazko bikoitza», azaldu zuen atzo Sergio Cruzadok, Ginmusicako ordezkariak. Eguneko 16 euroan daude salgai, www.kutxakulturfestibala.com atarian.
Ostiraleko kartelburua Crystal Fighters izango da. Talde britainiarrak ikusmin handia piztu du, euren «Cave rave» bigarren diskoa aurkezteko pasa den astean Zugarramurdiko leizeetan egindako «akelarrean» parte hartu zuten 450 lagunak maiteminduta utzi ondoren. 23.30ean igoko dira Igeldoko oholtzara.
Larunbatean, berriz, Dinosaur Jr beteranoek itxiko dute jaialdia. Hirukote estatubatuarra biran dabil eta Belgikatik iritsiko da Donostiara. Kutxa Kultur Festibaleko antolatzaileek atzo aurreratu zutenez, estatu espainolean eskainiko duten emanaldi bakarra izango da honakoa.
Delorean zarauztarrak ostiralean izango dira Igeldon. Bertan abiatuko dute irailaren 9an argitaratuko duten disko berriaren aurkezpen bira. Egun berean, agertoki nagusian, Damien Jurado, Junip eta Belako ere arituko dira. Damien Jurado Seattleko kantugilea da, dagoeneko hamar disko kaleratu dituena. Doinu lasaiak jorratzen ditu, baita Junip-ek ere, bakarlari moduan ere aritzen den Jose Gonzalez suediarraren taldeak. Bestelako erritmoak astinduko dituzte Belako mungiarrek; Zugarramurdiko rave-an ere izan ziren gazteak.
Larunbatean, Audience taldeak zabalduko du agertoki nagusia. Gernikarrak AEBetan izan berri dira euren disko luzea grabatzen. Kaliforniako Crocodiles eta euren gitarra distortsionatuen txanda izango da ondoren. Eta Idahotik iritsiko da Built to Spill banda historikoa, Doug Martsch-en gidaritzapean. Dinosaur Jr-en aurretik Dover madrildarren emanaldia izango da.
Talde handiekin batera, tokiko musikarien parte hartzea bultzatu nahi du jaialdiak, parkeko agertokian eurentzako lekua erreserbatuz. Ostiralean, Grande Days, Buffalo, Codigo Bushido, Jus eta Roulot arituko dira, eta larunbatean, Bobby Bare Jr, Napoka Iria, UK Bill, Cohen, Lou Topet eta Istrian.
Agertoki sorpresa bat ere izango da, 60-70 pertsonako leku mugatua izango duena -iriste ordenan banatuko dira gonbidapenak-. Bertan William Tyler gitarrista handiak bi emanaldi eskainiko ditu ostiralean eta, larunbatean, Disco Doomen doinu gogorrak nagusituko dira toki berean. Jaialdira igotzeko funikularra eta autobusak -musikariekin girotuak- etengabe ariko dira gora eta behera eta kanpatzeko Igeldoko kanpina gomendatzen dute antolatzaileek. Haurtzaindegi zerbitzua, terraza gastronomikoa, Exodus merkatua... egongo dira eta jaiarekin jarraitzeko Gazteszenan izango da aukera, punta-puntako DJ-ekin.