GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza gutxituak babestera deitu du Europako Parlamentuak

Europan desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babestu eta beren garapena sustatzea ahalbidetuko duen txosten bat onartu du Europako Parlamentuak, ia aho batez. Testua loteslea ez bada ere, «tresna eraginkortzat» dute sustatzaileek, Europar Batasuneko estatuak eta Kultur Batzordea bera ere neurriak hartzera bultzatzeko erreferentziazko testua baita.

A.MANTEROLA | BAIONA

François Alfonsi europarlamentari korsikarrak «arriskuan dauden hizkuntzak» babesteko Kultura Batzordetik sustatutako txostena onartu berri du Europako Parlamentuak. Ia aho batez, gainera: 645 boz alde, 26 aurka eta 29 abstentzio.

Unescok egindako azterketaren arabera, «Europan dozenaka hizkuntza desagertzeko zorian» daudela gogoratuta, «hizkuntza bat desagertzen delarik, europar guztiona den ondarea» galtzen dela nabarmendu zuen Alfonsik bozketa aitzin. 

Erabakia ez da loteslea estatuentzat, Europako Parlamentuak ez baitu eskumenik kultur esparruko gaietan. Hortaz, legez ezarri baino, gomendioak planteatzen ditu onartutako txostenak. Halere, «lan-tresna oso interesgarritzat» jo du Berdeak-RPSko europarlamentariak, baita bozka ostean, berarekin agerraldia egin zuten hainbat eurodiputatuk ere, tartean Aralarreko Iñaki Irazabalbeitiak, ALEko Jose Bovek, Europako Ezker Batuko (GUE) eta La Reunioneko eurodiputatu komunista batek eta eskuineko beste batek.

Testuak hizkuntza gutxituen alde politika eraginkorrak bultzatzeko erreferentziazko esparrua ahalbidetu du. Halaber,  Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsi ez duten estatuei (frantsesa, adibidez), lehenbailehen egitera dei egiteko baliagarria da edota hizkuntza horiek erabiltzen dituzten eta hurrengo belaunaldiei transmititu nahi dieten komunitateen garapena (eta ez soilik hezkuntza edo kulturaren aldetik) laguntzeko ere bai.

Akuilua Batzordearentzat

Onartutako txostenak badu beste onurarik, eurodiputatu korsikarraren iritziz: «Kultura Batzordearentzat berarentzat ere akuilu bat da hizkuntzak babesteko neurriak hartzera bultzatzeko, adibidez, diru laguntza berriak desblokeatuz desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzok haurrek ikas dezaten».

Ildo horretan, Alfonsik jakinarazi du berehala hasiko direla hizkuntza aniztasunerako komisarioaren eta elkarteen arteko bilkurak eskatzen, eta berak ere halaxe egingo duela: «Feder eta Europar Funts Soziala bezalako funtsetatik beharrean dauden eskolek egun diru laguntzak lortzeko ate bat irekitzea lortu genuen. Orain, txosten honi esker, beste batzuk irekitzen saiatuko gara», gaineratu du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo