GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendi lasterketak | Hitzordu ofiziala

Euskal selekzioko neskak, zalapartarik atera gabe, Espainiako Kopan nagusi

Leire Agirrezabala nagusi izan da FEDMEk antolatutako zirkuituan. Azken proba, La Sagra Skyrace, irabazi zuen. Lasterketa horretan zein sailkapen nagusian, Elena Calvillo ere lehena izan zen, baina beteranoetan.

p043_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Mendiko lasterketen hitzordu ofizialei dagokienez, Euskal Mendizale Federazioak ez du kexatzeko arrazoirik. FEDMEk antolatutako Espainiako Kopan, adibidez, euskal selekzioko ordezkariek oso emaitza onak lortu dituzte. Horren guztiaren isla da emakumezkoetan sinatutako bi garaipenak. Bai, Leire Agirrezabala seniorretan eta Elena Calvillo beteranoetan lehenak izan dira sailkapen orokorrean. Eta hauen atzetik, Aitziber Ibarbia hirugarren seniorretan, eta Nerea Amilia bigarrena beteranoetan.

Espainiako Kopak lau hitzordu izan ditu; eta horietako azkena, irailaren 15ean jokatu zuten. La Sagra Skyrace lasterketan 280 korrikalarik hartu zuten parte, eta neska seniorretan azkarrena Ibarrako lasterkaria izan zen 3:23:50 denborarekin: «Lehen igoeran erritmo gogorra ezarri nuen, baina lehen jaitsieran hiru korrikalarik pasatu ninduten. Baina, hurrengo igoera gogorrean, lehiakideak gainditu eta lehena izan nintzen helmuga puntuan».

Laugarren postuan Ibarbia helmugaratu zen. Mutiletan, berriz, Aritz Egea hirugarren postuan sailkatu zen, eta Hassan Ait Chaou seigarrenean. Calvillok ere lasterketa bikaina egin zuen, eta lehena izan zen beteranoen mailan.

Sailkapen nagusiari dagokionez, aipatu dugu seniorretan Agirrezabala erregularrena izan dela, eta Ibarbia podiumean hirugarrena. Gogoratu behar dugu, iazko Espainiako Kopa Oihana Kortazarrek irabazi zuela. Beteranoetan, bestalde, Calvillo lehena eta Amilibia bigarrena. Eta, seniorretan, aipatu behar da ere sailkapen nagusian Egeak laugarren postua lortu duela.

Ezusteko ederra

Bi garaipen eta bi podium, beraz, euskal selekzioko emakumezkoek sinatu dituztenak. Emaitza bikain horien artean uste dugu Agirrezabalarena azpimarratzeko modukoa dela. Ibarbia, Calvillo, Amilibia... aski ezagunak ditugu, baina Ibarrako lasterkaria orain dela hiru hilabete arte ezezaguna zen oso.

Gaztea da, 25 urte besterik ez ditu, baina mendi lasterketen bere lehen agerraldian ezusteko ederra eman zuen. Esait taldeak atondutako Euskal Herria Mendi Erronka (67 kilometro) izan zen bere lehen hitzordua. Amaitzeko esperantzarekin irten zen, baina irabazi egin zuen.

Zur eta lur utzi zituen aditu guztiak. Garaipen zein nagusitasun hori ikusita, euskal selekzioak «fitxatu» egin zuen: «Euskal Herria Mendi Erronka irabaztea egundoko ezustekoa izan zen niretzat. Amaitzera irten eta irabazi egin nuen. Baina ezusteko handiagoa euskal selekzioak egin zidan deia izan zen». Bai, Espainiako Kopan zein Txapelketan parte hartzeko gonbita jaso zuen, eta Agirrezabalak baiezko erantzuna eman zuen. Kopako bere lehen hitzorduan, Lanzarotekoan, bosgarren sailkatu zen, eta hurrengo biak, Zumaiako Flysch eta La Sagrakoa, irabazi egin ditu. Horretaz gain, Espainiako Txapelketan seigarrena izan zen.

bikain

Euskal selekzioko nesken ordezkariek goi mailako emaitzak lortu dituzte Espainiako Kopan. Azpimarratzekoa Leire Agirrezabalak seniorretan sinatutako garaipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo