Bizkaiko eraikuntzaren hitzarmena, denen eskubidea
Elkartasuna susmopean ez ezik zigortuta ere badagoen herri honetan, bitxia gertatzen da herriek beren bidea erabaki dezaten galaraztea zuritzeko hitz hori argudio gisa erabiltzea. Argudio usteko horren arabera, Euskal Herriak solidarioa izan behar du Gaztela-Mantxarekin, baina ez -neurri berean bederen- Sahararekin edo Errumaniarekin, ezta Estatuko jenderik modu batez edo bestez baztertuenarekin ere. Are bitxiagoa da ustez bere herriak bide propioa egitea nahi duen alderdi batek sasiargudio hori onartu eta haren arabera jokatzea bere eskuduntzapeko arloetan.
Arazo nazionalarekin lotuta zein ez, azken batean giza kontua baino ez -eta hori guztia- da-eta, guztiz deitoragarria da atzo Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilduren mozioa atzera bota izana, alegia, lan publikoetako behargin guztiei Bizkaiko hitzarmen kolektiboaren baldintzak ezartzea, EAJren aurkako botoak eta PPren abstentzioa direla bide. Azkenaldion salatu izan dute San Mames Barriaren eraikuntza lanetan esklabotzatik urrun ez dauden lan baldintzak ezartzen direla, edonorentzat -dela euskaldun, espainiar zein portugaldarra- baldintza onartezinak, are onartezinagoak erakunde publikoek kontratatu edo azpikontratatutako lanetan. Eskubideak, denak eta guztienak, errespetatzeko dira, eta erakunde publikoek diskurtsoetan ez ezik beren praktikan ere errespetatzen lehenak izan beharko lukete.