Jai herrikoiak aldarrikatuz jaurtiko du gaur Etxebeltzak Atarrabiako txupinazoa
Etxebeltza elkarteak piztuko duen suziriak emango die gaur hasiera Atarrabiako jaiei. Iruñerrian antolatzen diren azken jaiak dira, eta aurten gazteek lan handia egin dute antolakuntzan.
GARA | ATARRABIA
Atarrabiako jaiek jarriko diote amaiera Iruñerriko festen zikloari. Apirilean hasi ziren lehen jaiak Sanduzelain eta urrian amaituko dira Atarrabian. Hilaren 13ra arte iraungo dute azken jai hauek. Beraz, gozatzeko aukera ugari gelditzen da oraindik.
Etxebeltza elkartea izango da gaur eguerdian suziria piztuko duena, Atarrabiako Udalbatzak hala erabakita, gainerako kolektiboen sostenguarekin. Elkarte honek jai herrikoien, euskal kulturaren eta euskararen alde urteetan egindako lana aitortu eta eskertu nahi izan dute txupinazoa jaurtitzeko ohorea aurten berari emanda.
Suziria piztu aurretik jaietako kartel lehiaketaren sari banaketa egingo dute udaletxean, eta festak hasi eta berehala erraldoi eta kilikien konpartsa abiatuko da herriko kaleetan barrena, txistularien, gaiteroen, dultzaineroen eta txarangaren laguntzarekin. 12.15ean Udaletxeko Plazan, Mikelats taldearen dantza jaialdia izango da.
Arratsaldeko 17.30ean herri kirolak izango dira Udaletxeko Plazan Zurgai taldearekin. Ordu berean, kalejira aterako da txarangarekin eta kilikien konpartsarekin. Ibilbide hau egingo dute: Oianpea, Karrobide, Kapanaburua eta Ezkaba kalea Aita Domingotarren egoitzara iritsi arte.
Iluntzearekin batera, zezensuzkoak gaztetxoei lasterka eginaraziko die, 20.15ean, Kale Nagusitik abiatuta. Udaletxeko Plazan, berriz, dantzaldia izango da Trikiteens taldearekin.
Bihar egun nagusia izango dute Atarrabiako jaietan, prozesio eta guzti. Txirrindularitza lasterketa eta pilota partidak (aurten Atarrabia pilotalekuan jokatuko dira berriz) izango dira kirolari eskainiko zaizkion tarteak eta kalejira, dantzaldia eta zezensuzkoa ere izango dira.
Gazteen antolakuntza
Benetan jai luzeak dira Atarrabiakoak eta bi asteburuen artean kokatzen diren egunak giroz betetzea erronka handia izan ohi da. Aurten, Gazte Asanbladak, Ernaik eta Gazte Kontseiluak antolatuta, jinkana egingo dute astelehenean, gazteen arteko harremanak sendotzeko helburuarekin. 23.00etan hasiko da, eta aurretik, afari autogestionatua izango dute. Ibai Diaz antolatzaileak azaldu zuenez, herriko edozein kuadrillak parte har dezake jinkanan, eta momentuz hogei taldek eman dute izena, bakoitza zortzi eta hamar lagun artekoa. «Oso pozik gaude gazteen partetik jaso dugun erantzunarekin», gaineratu zuen.
Dena den, jinkana Atarrabiako gazteek antolatzen duten ekimenetako bat baino ez da. Astelehenean bertan, mozorro lehiaketa izango dute txosnetan eta astean zehar kontzertu mordoa entzuteko aukera izango da bertan. Gaurko ere bazkari intsumitua prestatu dute, eta ondoren, Iruñerriko Elektrotxarangak lagunduta, kalejira egingo dute.
Ostegun gauean, berriz, film laburren lehiaketa egingo dute Atarrabiako frontoian. Hamar film ikusteko aukera izango da, bakoitzak zortzi minutuko iraupena duelarik.
Ostiralean, Gazte Eguna ospatzeko, kalderetez osaturiko bazkaria egin, eta zurrakapotea dastatzeko aukera izango dute.
Gazte Asanbladak, Ernaik eta Gazte Kontseiluak antolatuta gazteentzako jinkana egingo dute astelehenean 23.00etan. 200 lagun inguruk eman dute izena kuadrillaka egingo den lehiaketa honetan parte hartzeko.
Gaur eguerdian hasiko dira Atarrabiako jaiak txupinazoarekin, eta hilaren 13a arte iraungo dute. Ohikoa denez bi asteburu hartuko dituzte Iruñerriko egutegian azkenekoak eta luzeenak diren festa hauek.
Jai herrikoien, euskal kulturaren eta euskararen alde urteetan egindako lana eskertu nahi izan dute Etxebeltza elkarteari suziria pizteko ardura emanez. Erabaki hori hartu zuten herriko kolektiboek eta zinegotziek.