GARA > Idatzia > Kultura

«Enneco», euskal memoria berreskuratzen laguntzeko Basterretxearen eskultura

Euskal Herriko memoria berreskuratzeko parke bat sortu nahi du Nafarroa Bizirik Fundazioak Etxarri Aranatzen. Asmo horri babesa emateko, Nestor Basterretxeak «Enneco» izeneko bost metroko eskultura egin du. Tamaina handiko artelana parkean bertan jarriko dute, eta kopia txikiak saldu egingo dituzte proiekturako dirua lortzeko asmoz.

p051_f01.jpg

N. BELASTEGI | IRUÑEA

Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak tamaina handiko obra bat egin du Etxarri Aranatzen sortuko duten «Enneco, Haritzaren Memoria» izeneko parkeari babesa emateko asmoz. Parke horren helburu nagusia Euskal Herriko memoria historikoa berreskuratzea eta ezagutzera ematea izango da. Nafarroa Bizirik Fundazioaren proiektu bat da, eta dena ondo badoa, 2016rako ateak zabalduko ditu, eraikitzen datorren urtean hasiko badira ere. Asmoa gauzatzeko garrantzitsua da herritarrek auzolanean parte hartzea (parkeak bizia izatea nahi dute), eta Basterretxearen keinua horren adibide bat da.

Patxi Abasolok, fundazioko lehendakariak, Txantreako Kaskallueta elkartean eskulturaren aurkezpena egitean azaldu bezala, «pozgarria da arte munduak eta herri mugimenduak bat egitea. Diktadura frankistaren garaian `Amalur' herri egitasmoa gauzatu bezala, honakoan ere Nestor Basterretxea artistak askatasuna maite duen Nafarroarekin egin du bat».

Basterretxeak bere lanari «Enneco» izena jarri dio, etorkizuneko parkearen izena gogoratuz, eta bost metro neurtzen ditu. Artistaren beraren esanetan, artelanak harresi eta bihurguneak irudikatzen ditu. Harresia, Estatuen zapalkuntza, errepresio eta sufrimenduari erreferentzia eginez. Bihurguneak, Nafarroak bizirik irauteko gaitasuna eta borondatea duelako. Horrela, zurruntasuna eta malgutasuna kontrajarri ditu, Eneko Aritza errege nafarraren izena daraman artelan honetan.

Nafarroa Bizirik Fundazioko kideen esanetan, «parkeak gabezia handi bati erantzuteko aukera emanen digu: interpretazio zentro bat edukitzea gure Historia Politikoa ezagutzera eman eta konkistatzaileek eragindako mendeetako akulturazioaren iluntasunetik ateratzen lagunduko diguna». Bertan aukera izango dugu gure iraganaren berri izateko eta kultura garaikidea aztertzeko.

Proiektua aurkeztu eta segituan eskaini zuen bere babesa Basterretxeak, Xabier Morras eta Peio Iraizoz artistekin batera. Oraingoan bermeotarra izan da protagonista, «Enneco» artelana parkean ikusi ahal izango dugun lehenengo pieza izateaz gain, tamaina txikiko erreprodukzioak salgai jarriko dituztelako. Serie mugatu bat izango da eta lortutako dirua parkea aurrera ateratzen laguntzeko erabiliko dute.

Artistak hasieratik eskaini dio bere laguntza Nafarroa Bizirik fundazioari. Pasa den abuztuan behin betiko proiektua aurkeztu zutenean bermeotarrak argi utzi zuen: «Nafarroa ama da. Horregatik ematen dizuete egurra inori baino gehiago, lehenak izan zaretelako, originalak, euskaldun izanaren kontzientzia izan zenuten lehenengoak».

2016ra begira

Proiektuaren hurrengo pausoa lehen harria jartzea izango da. Aurreikusitakoaren arabera, 2014an hasiko dira eraikin nagusia prestatzen. Obrak epearen barruan amaitzen badituzte, 2016an zabalduko ditu ateak, eta publikoak bertaratzeko aukera izango du. Ondoren, pixkanaka inguruak zabaltzeko intentzioa dute espazio berriak sortzeko.

Parkearen kokalekua aparta izango da, Etxarri Aranatzeko ehunka urteko harizti batean, Aralar mendilerroaren eta Urbasako natur parkearen artean kokatua dagoena. Enneco, Haritzaren Memoria parkea hainbat eremutan banatuko da, eta espazio bakoitzean gure historiaren parte bat deskubritu ahal izango dugu. Ibilbidearen hasieran harrera egiteko eraikina topatuko dugu, bisitariari parkean aurkituko duenaren berri emateko. Ondoren, Erdi Aroko dorrea jarriko dute, bost altueratan banatutakoa. Garai hartako herritarren bizitza ulertzeko baliagarria izango zaigu.

Eraikin nagusian, berriz, gela desberdinak izango dira eta horietan parkearen aurkezpen orokorra egingo da. Jorratuko diren gaiak anitzak izango dira: euskal nortasuna (euskara, politika, kultura...); Orreagako bataila eta honen inguruko mitoak; Eneko Aritza erregeari omenaldia; XVI. mendera arteko euskal historia errege-erreginen dinastien inguruko hausnarketa eginez; defentsa-arkitekturaren deskribapena; Antso Handiaren, Antso Jakitunaren eta Antso Azkarraren garaien inguruko informazioa; 1512ko konkistaren inguruko azalpenak; euskal heroien gela; egitura politiko-instituzionalari buruz esandako gezur eta egiak; modernitatea eta ikastolen sorkuntza; euskal pentsalarien gela; eta egungo ikerlarien ondorioak.

Eraikin nagusitik pasatu ostean bisitaria hariztitik paseoa emateko prest izango da. Bertan aurkituko ditugu beste hainbat txoko: Paleolitoari, euskarari, baskoiei, emakumeari, mitologiari eta ohiturei buruzkoak. Horrez gain, bi erakusketa areto izango dira ibilbidean.

PIEZA TXIKIAK

Tamaina txikiko piezak 2.000 eta 6.000 arteko donazioen truke emango dira opari gisa. Enkarguak enneco.org webgunean egin daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo