GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Akuilua izan dadila

Azkenean ez da ezer gertatu. Susto galanta hartu genuen, baina atxilotuak kalean dira, eta gainera, ubeldurarik gabe. Beharrik, ez da ezer gertatu. Edo ondo pentsatuta, bai, gertatu da zerbait. Azkenean, Estatu espainola ere mugitu da, urratsak egiteko prest dagoela erakutsi du. Guardia Zibilaren jarrera eredugarria -EAko egoitzara agur egitera agertu izana alde batera utzita-, eta oro har operazio bikaina, gauza batek baino ez zuen ilundu, Ertzaintzaren jarrera oldarkorrak, hain zuzen. Gure beltzek badute beren lehengusu berdeengandik zer ikasi. Estefaniak Jorgerengandik.

Epaileak ere, horren eskuzabal jokatzeaz gainera, akatsik gabeko zorroztasuna erakutsi du. Talde terroristako kide izatea leporatu baina ez diela ekintza terroristarik egotzi esaten duenak ez du arrazoirik. Gutxi iruditzen al zaio terrorismoa goratzea? (Nola goratzen da terrorismoa, «gora terrorismoa» esanez edo?). Denok dakigu ETAko komando bat atxilotutakoan ETA goratzea izaten zela akusaziorik larriena. Eta erakunde armatua finantzatzea. Baina ez Barne ministroaren arabera borroka armatuari berriro ekingo ez dion erakundea, baizik eta Herrira finantzatzea, beren burua, alegia, eta atxilotuak talde terroristako kide direnez, nahikoa eta sobera frogatuta dago erakunde terrorista bat finantzatzen ari zirela.

Herriraren jarduera debekatu beste erremediorik ez zuen izan, horrenbestez, epaile jaunak. Baina atxilotuak kalean dira, onik, epaile horri eta Guardia Zibilari esker. Hori bai, aurrerantzean ezingo dute beren terrorista lanari eutsi, ezta «presoak kontrolatzeko edo terrorismoa goratzeko ekitaldietan» parte hartu ere.

Baina gainontzekook bai, eta presoen eskubideen aldeko jarduna biderkatu dezakegu, saihestu nahi izan duten hori azkartu eta aurreratu, alegia.

Azkenean, Estatu espainola ere mugitu da, urrats bat egin du. Kontrako norabidean, ordea. Eta horrek akuilua izan behar du Herrirak zabaldutako bideari are gogotsuago lotzeko. Urrats batetik sortu zen Herrira, eta bidea egiten hasi zen. Gaur, hasitako bide horretan aurrera egiteko, beste urrats erraldoi bat egiteko aukera dugu. Baina etzi ere bide horrek hortxe segituko du, denon artean egin dezagun zain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo