GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zazpi lurraldeetako gazteek batera egindako gogoetak aurkeztu dituzte

Eusko Ikaskuntzak Lakuako Gobernuaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz sustatutako programa da Datorkigunea, hiru urteotan Bidasoaren bi aldeetako ia ehun gazte elkartu dituena foro dinamiko eta parte-hartzaile batean. Diziplina aunitzetako neska-mutilek pil-pileko gaiei buruz hausnartu dute norbanakotik hasi eta talderaino. Atzo aurkeztu zituzten adostu dituzten proposamen eta ondorioak.

p012_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Ez da sekula izan halako hausnarketa talderik. Zazpi lurraldeetako gazteak batu dira eta gaur-gaurko gaiak jorratu dituzte hiru urtez hilero txandaka alde batean eta bertzean bilerak eginez, euskara hutsean. Desberdinak dira sortzez, diziplinaz, ideologiaz, eta ezberdintasun horietatik gai izan dira proposamen eta ondorio bateratu batzuetara heltzeko.

Maddi Castro Datorkigunea proiektuko partaidea, kazetaria eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea izan zen gazteen bozeramailea atzoko ondorioen aurkezpenean, 1918an sortutako erakunde zientifiko kultural honetako zuzendaria, Arrate Arin, eta Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ondoan zituela.

Castrok proposamen zehatz batzuk aipatu zituen, instituzioetan aurkeztu dituztenak eta oraindik ez dakitenak zer ibilbide izanen duten. Etxebizitzaren arazoaren aitzinean, politiketan erabilera kontuan hartzea eta alokairuaren alde egitea planteatzen dute. Desgrabazioa ahalbidetzea eta jabetza gehiegi dutenei, aldiz, zergak ezartzea.

Lanari dagokionez, paradigma berri batera goazela ikusten dute gazteek, bertze gizarte eredu baterantz. Bertan, malgutasuna garrantzitsua dela deritzote, lana, ikasketak eta aisia bateratzeko. Gai bakoitzean, 30-40 ideia adostu dituzte, batzuetan zehatzagoak eta bertzetan -gazteen berezko balioen inguruan eztabaidatzean, adibidez-, irekiagoak. Prentsaurrekoan instituzio parte-hartzaileetako kideek nabarmendu zutenez, Datorkigunea programari esker, «egungo eta etorkizuneko errealitatearekin kezkaturik eta artega dagoen euskaldun gazteria aktibo bat» dagoela ikusi dute; «Euskal Herriko lurralde guztietako gazteak, ideologikoki nahiz prestakuntza akademikoari so askotarikoak direnak eta ahotsa eta hitza eskatzen dutenak».

Lan dinamika

18 eta 30 urte bitarteko neska-mutilak elkartu dira, euskara lan tresna zutela, hilabetean behingo bileretan, aldiro lurralde batean: 25 bizkaitar, 30 gipuzkoar, 18 nafar, 9 arabar eta 14 ipar euskal herritar. Maddi Castrok azpimarratu zuenez, hagitz aberasgarria izan da egitasmoan lagun izan dituzten adituen ekarpena. Gazte eta adituen arteko topagunea ere izan da Datorkigunea. Alfonso Dubois irakasleak parte hartu du, adibidez. Bere iritziz, proiektuaren bertutea gazteei ahotsa ematea izan da, «ez entzuteko, esateko eta proposatzeko baizik».

Adituek gaietan sartzen eta barrenean dutena ateratzen lagundu diete, eta gero talde lanak bultzatu ditu iritzi eta kezkak adieraztera. Bildu aitzinetik, bibliografia irakurtzen zuten.

Eurek aukeratutako gaiak landu dituzte: 2010-2011 ikasturtean, gazteen partaidetzaren bide berriak izan zituzten aztergai, lehen aipatutako etxebizitzaren eta langabeziaren arazoez gain; 2011-2012an, berezko balioak eta gizon-emakumeen arteko oreka hautatu zituzten gogoeta gai; eta azken ikasturtean, immigrazioa eta identitatea eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremana.

Amaitzeko, ohartarazpen bat egin zuen Castrok: oroitarazi zuen gazteak direla krisi honetako sektore zigortuenetako bat eta anitzek kanpora jo behar duela. Sarri instituzioek horretara bultzatzen dituzte eta gazteak nabarmendu zuen hemen ere aukera eman behar dela bizia garatzeko, garrantzitsua delako gizarte osoarentzat.

Euskara eta euskal kultura, Bidasoko bi aldeen arteko zubi

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanaren diagnosia egitean, Datorkigunea proiektuan parte hartu duten gazteak ohartu dira ez dutela elkar ezagutzen, edo ezagutu bai baina ez sakonean. Foro honetan ibili den Maddi Castrok adierazi zuenez, ezberdintasun handiak ikusi dituzte Bidasoko bi aldeen artean, kulturalak, formakuntzakoak zein ohituren ingurukoak. «Herri bat garela diogu askotan, baina kulturari dagokionez lan handia dago egiteko», aldarrikatu zuen kazetariak. Dinamika honetan ondorio garbi batera iritsi dira: «Euskara eta euskal kultura dira gure ezaugarri komunak, batzen gaituena». Elkar ezagutzeko gogoa ere sumatu dute. Agertu zuenez, bide horretan norbanakoek egin behar dute esfortzua, baina erakundeek ere programak diseinatu ditzakete. Ideia batzuk atera dira foroan: unibertsitateen elkar trukea, malgutasuna bateko eta bertzeko enpresetan praktikak egiteko... Galdera bat ere bai: «Zergatik ez dugu turismo eskaintza bateratu bat egiten?». Ildo horretatik, euskal produktuen marka sortzea proposatu dute.

Harremanetarako eta lanerako tresnaz gain, aztergai izan dute euskara. Adituek diotena gogora ekarri dute: batez ere Ipar Euskal Herrian, benetako galera arriskua dagoela, eta hizkuntzari eusteko ahalegin handia egin behar dela azpimarratu dute. Datorkigunea euskaraz eginez, gizartearen azterketan erabilera normalizatzea eta sustatzea izan dute helburu. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskarako zuzendari nagusiak honen garrantzia azaldu zuen, «protagonistak gazteak direlako, euskararen etorkizuna». M. I.

webgunean

Txosten guztiak helbide honetan ikus daitezke: «eigazte.eusko-ikaskuntza.org/datorkigunea/?lang=es». Ez da hor amaitzen erakunde honen eta gazteen arteko harremana, bertze foro bat prestatzen dabiltza jada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo