Sega | Nazioarteko era
Denboraldia amaitzeko, goi mailako norgehiagoka
Euskal Herriko eta Suitzako segalariak elkarren aurka arituko dira bihar eguerdian, Tolosako Iurramendin.
Jon LEUNDA
Denboraldia ongi amaitzeko, Euskal Herriaren eta Suitzaren arteko norgehiagoka jokatuko da bihar Tolosan, Kilometroak festaren barruan. 12.00etan izango da Iurramendiko belardietan.
Ikuskizuna, gainera, polita izango da denentzat, hasi umeak hasiko baitira. 10 eta 12 urte bitarteko txikiak arituko dira segan badakitela erakutsi nahian. 10 metro koadroko sail bana moztuko dute.
Ondoren, Suitzako bi gizonezko eta bi emakumezko Euskal Herriko bi emakumezko eta bi gizonezkoren aurka lehiatuko dira. Bakoitzak 100 metro karratuko saila ebaki beharko du. Hori amaitutakoan, Suitzako gizonezkoak binaka eta txanda librean lehiatuko dira Euskal Herriko ordezkarien aurka. Bikote bakoitzak 500 metro koadroko saila ebaki beharko du.
Azkenik, talde bakoitzeko lau segalariak elkarren aurka neurtuko dira, eta abiadura eta txukuntasuna uztartuko diren neurketa jokatuko dute. Bi metro eta erdi zabalean, eta 40 metroko luzera duen sail bat moztu beharko dute. Honelakoetan gertatzen den moduan, ez du balio azkar mozteak bakarrik, belarra txukun moztu behar izaten da, bestela zigorrak ezartzen dira, eta horrekin denbora galtzen dute segalariek.
Parte hartuko duten kirolarien izenak oso garrantzitsuak dira. Alatzne Etxaburua eta Alaitz Imaz izango dira emakumezkoetan Euskal Herria ordezkatuko duten segalariak, eta mutiletan, berriz, Bixente Mitxelena, eta Jexuxmari Gonega.
Suitzatik datozenak ere, ez dira edonolakoak, Europan dauden onenetakoak baitira. Margrit Forn eta Regula Frehner izango dira emakumezkoetan Suitza ordezkatuko duten bi segalariak, eta gizonezkoetan, berriz, aski ezaguna den Stefan Tobler eta Martin Frischknecht. Azken honek Europako Txapelketan hirugarren amaitu zuen. Euskal segalarien artean Igor Esnaolaren baja izango da, istripua izan eta osatzen ari baita.
Bestetik, gaur Bizkaian jokatuko da, Plataformak antolatuta, Abiadurako Txapelketa, Otxandioko Basaguren jatetxeko belardietan. Maguregi, Goioaga, Larrañaga, Etxebarria, I. Astondoa, Lapazaran, Gondra, Egiluz, P. Astondoa eta Irati Astondoa izango dira. Azken hau izango da lehian arituko den neska bakarra. Bakoitzak 100 metro koadroko saila moztu beharko du. Aurreneko bostek, gero beste sail bat ebaki beharko dute, eta orduan erabakiko da txapela zeinek jantziko duen.