GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kilometroak festa eder bat gozatzeko dena prest Tolosan, Erronka barne

GARA | TOLOSA

Laskorain ikastolaren matrikulazio hazkunde handiak ekarri dituen azpiegitura beharrei aurre egiteko baliatuko dute biharko Kilometroak jaia. «Ahora!» leloarekin ospatuko da Tolosan. Ilusioz beteta, urte osoko prestakuntza lanen ondotik gogotsu itxaroten dituzte bertan euskaltzaleak.

Joan den astean egin zuten aurkezpenean azpimarratu zutenez, euskaraz bizitzeko hautua egiten dutela aldarrikatuko dute -hortik «Ahora!»-, eta ikastolen ospakizuna ez ezik, Tolosako herriaren festa dela ere bai.

Laskorain erreferentzia da Tolosaldean, eskualdeko ikastolarik handiena, 0 eta 18 urte bitarteko 1.550 ikaslerekin. Horri eutsi nahi diote jai honen bultzadarekin.

Zirkuituaren balioa

Zirkuituari balioa emateko ahalegin berezia egin dute, egitarau indartsu bat prestatuz eta jendea zazpi kilometroko ibilbidea egitera tentatuz. Horretarako, inauterien kutsuko eskaintza ibiltari bat antolatu dute. Programazioa ere ez da nolanahikoa: 26 musika talde, hamaika haur ikuskizun, kirola, antzerkia... Dena eskualdeko taldeei lekua eginez. Hirutik bi talde Tolosaldekoak izango dira. Eta azpimarratzeko beste puntu bat, aurrenekoz egingo den eta hurrengo edizioetan jarraitzea nahi duten Erronka: gazteak protagonista bihurtuko dituen Gipuzkoako 21 ikastolaren arteko lehiaketa. DBH3 eta 4ko ikasleek proba bitxiak egingo dituzte kapitain ezagunen laguntzaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo